Sara Escuderoren emanaldia ostiralean Zelaieta zentroan

2014/11/20
• Paramount Comedy telebista kanaleko bakarrizketei eta La Sextako Zapeando saioari esker dugu ezagun aktore eta umorista hau. • Gaueko 23:30ean izango da, debalde.

Amorebieta-Etxano, 2014ko azaroaren 20a. Sara Escudero aktore eta umoristaren emanaldia izango da ostiralean Zelaieta zentroan, gaueko 23:30ean hasita, dohainik. Paramount Comedy telebista kanaleko bakarrizketei eta La Sextako Zapeando saioari esker dugu ezagun aktore eta umorista hau.

Sara Escudero Talavera de La Reinan (Toledo) jaio zen 1981eko abuztuaren 18an, baina familia beti bizi izan da Arenas de San Pedron (Avila). Bertan ikasi zuen teknologia batxiler teknikoa eta 1999an medikuntza ikasketei ekin zien Salamancako unibertsitatean. 2002an (karreraren hirugarren urtean) mediku bata eskegi eta Madrilera abiatu zen interpretazio ikasketei ekiteko asmoz. Bertan deskubritu zuen stand-up comedy delakoa, eta lanbide horri eutsi dio 2007az geroztik, estatu guztian barrena batera eta  bestera bakarrizketak eskainirik harrezkero (pertsona bakar baten En Plena Crisis ikuskizuna gaur egun).

Urte horietan guztietan estatu mailako umorista handienekin batera aritu da tauletan eta batzuk aipatzearren, honako izen hauek izango genituzke: Ernesto Sevilla, Raúl Cimas, Leo Harlem, Pablo Chiapella, David Navarro, Luís Larrodera eta Xavier Deltell.

2008ko urrian grabatu zuen lehenengo bakarrizketa Paramount Comedy (Comedy Central gaur egun) zeritzon komedia-kanalerako eta 2009ko ekainean, berriz, bigarrena.

2010eko amaiera aldera arte itxaron behar izan zuen hirugarren bakarrizketa grabatzeko, eta 2013ko maiatzean etorriko zen laugarren. Kanalaren hainbat publizitate iragarkik izan dute protagonista, eta nazio mailako kanpainetan ere hartu du parte, Los Sex Symbols De Paramount Comedy izenekoan esate baterako. Corto Y Cambio saioan ere hamaikatxo sketch grabatu izan ditu berriki.

2010. urtearen amaieran eta 2013ra bitartean Cosmopolitan TV telebista katearen Cosmonews saioaren aurkezle lanetan jardun zuen Sarak.
Garai horretan, 2012ko urtarrilean hain zuzen, El Club De La Comedia umore saio ospetsuaren ardura duen produktoreak (Globomedia) Sara aukeratu zuen 5. lehiaketaren irabazle.
2012-2013 denboraldian parte hartzea izan zen eskuratutako saria, eta horrela grabatu zuen El Mundo Miente bakarrizketa, Berto Romero, Joaquín Reyes, Florentino Fernández eta Ernesto Alterio aktoreekin batera egindako saioan aireratu zena.

2013ko udaberrian La Noche De José Mota programaren taldeari atxiki zitzaion, eta atal ultra azkarrak grabatu zituen denboraldiko ia  saio guztietarako.

2014ko urtarrilaren 24an hasi zen La Sextak, Frank Blancok aurkeztuta, eguerdi ostean emititzen duen Zapeando saioaren kolaboratzaile lanetan, eta bertan ari da gaur egun ere Cristina Pedroche, Miki Nadal, Quique Peinado, Ana Morgade eta Manu Sánchezekin batera.

Saio horretan hasi eta bost hilabetera, 2014ko ekainaren 24an, En Ocasiones Veo Frikis liburuaren plazaratze ofiziala gauzatu zen, Anaya Multimedia argitaletxearen (Oberón bilduma) eskutik, Madrilgo Callao plazan dagoen FNACen, David Navarro eta Luis Larrodera adiskideekin egindako saio dibertigarri eta originalean.

Liburuaren lehenengo urteko salmenten bidez lortzen diren etekin guzti-guztiak Leoren ebakuntza finantzatzen laguntzera bideratuko ditu. Ume hau hurbileko du komikoak, eta premia handiz operatu behar dute urte eta erdi bete aurretik, pairatzen duen gaixotasun arraroaren ondorioz hankatxoa moztuko ez badiote (www.luchaconleo.org).

Esandako guztiez gain, egile duen antzezlana (komedia) abian jartzeko lanean dabil (Te elegiría otra vez), irratirako proiektu batean ere murgildurik dago eta barreterapia tailerrak ematen dizkie partikularrei, bai eta hitzaldiak ere zuzendaritza eta langile postuetan behar egiten dutenei, lan-mundura umorea helarazteko moduak gaitzat hartuta.