Santu Guztien Egunean hilerrian musukoa eramatea eskatu du Udalak, izango diren pilaketen harira

2021/10/28
Udalak gogoratu du, hilerria kanpoaldean izan arren, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean musukoa eramatea nahitaezkoa dela.

Santu Guztien Eguna da azaroaren 1a, eta data honen bueltan, milaka izango dira Leginetxeko Udal hilerrira gerturatuko diren herritarrak bertan dituzten senitartekoak, lagunak, etab. bisitatzera. Hori horrela, eta egun honen bueltan hilerrian espero den jende pilaketa kontuan izanda, Amorebieta-Etxanoko Udalak musukoa jantzita eramatea eskatu die zornotzarrei. Izan ere, Covid 19aren eraginez ezarritako osasun neurri asko bertan behera geratu badira ere, Udalak gogoratu nahi du jende pilaketak dauden guneetan eta pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantendu ezin denean nahitaezkoa dela musukoa  jantzita eramatea.

 Ordutegi zabalagoa

Santu Guztien Egunean eta bezperan Leginetxeko Udal hilerriak ohi baino ordutegi zabalagoa izango du, herritarren joan-etorria errazte aldera: goizeko 08:00etatik gaueko 22:00ak arte egongo da zabalik.