Amorebieta-Etxanoko Udalak San Migelgo antzinako eskolak zaharberritzeari ekin dio

2019/08/21
• Lanei esker EKTra egokitu ahal izango dira instalazioak eta eraginkortasun energetikoa ere handituko da. • Eraberritze lanek sei hilabete iraungo dute eta 162.000 euroko inbertsioa egingo da.

Amorebieta-Etxano, 2019ko abuztuaren 21a. Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi ditu San Migelgo antzinako eskolak eraberritzeko lanak. Lan hauekin instalazioa Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) eskakizun berrietara egokituko da. Gainera, eraberritze lanei esker eraikinaren eraginkortasun energetikoa handitu ahal izango da.

Proiektuaren arabera, egurrezko teilatu berri bat eraikiko da eta teila gorria jarriko zaio, egungo itxurari eutsiz. Era berean, eraikinaren leiho eta ate guztiak kendu eta PVCzko berriak jarriko dira. Zorua eta hormak ere zaharberrituko dira, bai kanpokoak eta baita barrukoak ere.

Gainera, eraikinak energia berriztagarriak erabiliz girotze termikorako sistema berri bat izango du. Honek instalazioen errendimendua gehitzeko aukera emango du. Ekipamenduari dagokionez, komun egokitu bat jarriko da, atondo bat konketa batekin eta biltegian harraska bat ere jarriko da.

Lanak 2020eko urtarrilerako amaituta egongo direla aurreikusten da. Udalak 162.000 euroko inbertsio bat egitea aurreikusten du.