Amorebieta-Etxanoko Udalak “Platinozko erratza” saria eskuratu du, kale garbiketaren kalitatea eta hondakinen kudeaketa saritzen dituena

2018/06/15
- Zornotzako Udalak sari hau jaso du kale garbiketaren kalitatearengatik, hondakinak ondo kudeatzeagatik eta herrian birziklatzearen alde egindako apustuarengatik. - Hondakinak kudeatzeko eta ingurumenerako elkarte teknikoak (ATEGRUS), sari hau ematen die hondakinen kudeaketan eta kale garbiketan nabarmendu diren udalerriei.

Amorebieta-Etxano, 2018ko ekainaren 15a. Amorebieta-Etxanoko Udalak 2018ko “Platinozko erratza” saria eskuratu du, hondakinak kudeatzeko egindako lana aitortuz. Amorebieta-Etxanoko garbiketaren kudeaketa txalotu da Madrilgo Hirigintza eta Ingurumeneko Nazioarteko Azokan, TECMAn. Amorebieta-Etxanoko Alkateak, Andoni Agirrebeitiak, eta Hirigintza eta Jasangarritasun zinegotziak, Juan María Ugaldek, saria jaso dute Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak (ATEGRUS) antolatutako ekintzan.

Epaimahaiak “kale garbiketaren kalitatea, hondakinak ondo kudeatzea eta birziklatzearen alde egindako apustua” azpimarratu ditu sari hau emateko arrazoien artean. Azken hilabeteetan, Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat neurri hartu ditu hondakinak bildu eta birziklatzeko, batez ere merkataritza guneetan. Horretarako, papera eta kartoiaren lurpeko edukiontzien ahoak handitu ditu, kartoia errazago sartu ahal izateko. Halaber, hondakin organikoen edukiontzi kopurua handitu da, batez ere janari denda eta taberna eta jatetxeen inguruan. Aldi berean, birziklatzea errazteko hainbat material ere herritarren esku jarri da. Dendetako kartoizko eta egurrezko kajak biltzeko zerbitzu bat ere martxan jarri da, bide publikoko edukiontziek gainezka egin ez dezaten eta birziklatzea sustatzeko.

“Platinozko erratza” Hondakinen Kudeaketarako eta Ingurumenerako Elkarte Teknikoak (ATEGRUS) ematen duen sari nagusia da. Hondakinen kudeaketan eta herriaren garbiketan nabarmendu diren udalerri, mankomunitate, kabildo, autonomia erkidego, enpresa, ingeniaritza eta aholkularitzei ematen die.  

Birziklatzearen aldeko apustua

Amorebieta-Etxanoko Udalak birziklatzearen aldeko apustua egin du. Azken urteetan hainbat kanpaina egin ditu hondakinen gaikako bilketa sustatzeko herriko denda eta etxeetan. Bilketa errazteko materiala ere eman da eta bosgarren edukiontzi bat ipini da.
Gaur egun hainbat dira gaikako bilketa horretan ematen diren zerbitzuak. Ondokoak biltzen dira: errefusa, organikoa, papera, beira, ontziak, bolumen handiko hondakinak, pilak, etxeko olioa, arropa, oinetakoak eta berrerabili daitezkeen bestelakoak. Helburua herritarrei gaikako bilketa erraztea da eta udalerri jasangarriago bat izatea.

Azken berrikuntzak

Amorebieta-Etxanoko Udalak zalantzarik gabe herritarren kalitatea hobetuko duten hainbat neurri hartu eta hilabete gutxitara heldu da sari hau. Azken bi urteetan, hondakinak bildu eta kudeatzeko zerbitzuaz gain, Udalak bost panel digital jarri ditu herriaren sarreretan eta Zelaieta parkean. Panel hauetan Udalak herriko doako parkingetan hutsik dauden aparkalekuak adierazten ditu. Aparkatzeko behar den denbora eta horretarako joan-etorriak gutxitu nahi dira honekin. Airearen kalitatea hobetzen da eta trafikoak eragiten duen zarata gutxitu egiten da.

Zornotzarren bizi kalitatea hobetzeko eta etxeko txikienek ondo pasatu dezaten, Amorebieta-Etxanoko Udalak 2017 urte amaieran inauguratu zuen Andra Mari kaleko jolasgune estali berria. Egurrezko estalki bat du eta jolas inklusiboentzako gune berri bat. Honi gehitu behar zaizkio Amorebieta-Etxanoko Udalak egindako hainbat urbanizazio proiektu. Oinezkoentzat gune irisgarriagoak sortu nahi dira, ibilgailuen abiadura gutxitu eta berdeguneak sustatu. Azken urteetan burututako hainbat jarduera Kaitana Plazan egin izan dira, anbulatorio berriaren inguruan, San Juan kalean, Ogenbarrena auzoan eta San Migel auzoan.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ur hornidura zerbitzua ere hobetu du azken bi urteetan. Hobekuntza lanak oinarrizkoak dira herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Edateko uraren banaketa sarea hobetu eta eraginkorragoa izatea lehentasunezko helburua da Amorebieta-Etxanoko Udalarentzat.