Ordenagailu eta informatika-material zaharkituak eman ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak berrerabiliak izan daitezen

2010/09/07
Jadanik erabiltzen ez dituzten ordenagailuak, pantailak, inprimagailuak eta fotokopiagailuak eman dizkio Udalak Reciclanet hezkuntza elkarteari, PC Lagun izeneko proiekturako. • Informatika material zaharkitua berriro erabiltzea da proiektuaren helburua. Gizarte-bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonek eta elkarteek erabiliko dute berriro konfiguratu ondoren. • Informatika materiala berrerabiltzeak birziklatzeak baino abantaila gehiago ditu, jasangarritasun ekologikoa sustatuz, pertsona eta elkarte behartsuenek honelako materialak lortzeko bidea ematen baitu, eta horren aldeko apustua egin du Udalak.

Amorebieta-Etxano, 2013ko urtarrilaren 2a. Hala udaletxean bertan nola Ametx udal erakundean jadanik erabiltzen ez dituzten ordenagailuak eta informatika-materiala (pantailak, inprimagailuak, fotokopiagailuak, etab.) eman dizkio Amorebieta-Etxanoko Udalak Reciclanet hezkuntza elkarteari (http://www.reciclanet.org) PC Lagun proiekturako (http://www.pclagun.org).

SPRI ere partaide da informatika material zaharkitua berrerabiltzea xede duen proiektu honetan. Gailuak birkonfiguratu egingo dira, gizarte bazterketan erortzeko arriskuan dauden pertsonek edota elkarteek erabil ditzaten.

Aparatuak eta gailuak dohaintza moduan emanak edo oso prezio baxuetan salduak izatea du xede PC Lagun proiektuak. Salduz gero, prezioak sinbolikoak izaten dira, 40 eta 60 euro bitartekoak, eta software askeaz erabiltzeko birkonfiguratu ohi dira. Salmentaren bidez biltzen den dirua, berriz, proiektua kudeaketarako eta iraunarazteko erabiltzen da.

Ekipo horiek lortu nahi dituenak www.pclagun.org web orrira jo dezake edo, bestela, Erandioko Aspe erriberako 11n dagoen D-2 pabiloiko 105. lokalera zuzenean.

Berrerabiltzearen aldeko apustua

Berrerabiltzearen aldeko apustua egin du Udalak dohaintza honen bidez. Informatika materiala berriz erabiltzeak birziklatzeak baino abantaila gehiago ditu, jasangarritasun ekologikoa sustatuz, honelako materialak lortzeko bidea ematen baitie pertsona eta elkarte behartsuenei.