Ongi etorri, bosgarren edukiontzia gelditzeko dator

2010/09/07
• Hondakin organikoen birziklapena sustatzeko sentsibilizazio eta informazio kanpaina aurkeztu du Amorebieta-Etxanoko Udalak. • Udaletxean dagoen informazio-bulegoan koordinatuko da kanpaina. • Larrea auzoko eta Nafarroa, Zubikurtxe, Zubipunte, Zubizabala eta Enrike Renteria kale inguruetako bizilagunek birziklapen-kita eska dezakete. • Luze gabe sistema udalerri osoan ezartzea da asmoa.

Amorebieta-Etxano, 2013ko urriaren 29a.  Larrea auzoan eta Nafarroa, Zubikurtxe, Zubipunte, Zubizabala eta Enrike Renteria kaleen inguruetan hondakin organikoen bilketa selektiboa ezartzeko, Ongi etorri. El 5º contenedor viene para quedarse izeneko informazio eta sentsibilizazio kanpaina aurkeztuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak. 

Helburu horrexekin udaletxean zabaldu den bulegoan koordinatuko da kanpaina. Horrela, kanpainan parte hartzeko interesa duten bizilagunek bertan egin beharko dute eskaria. Birziklapen-kita jasoko dute guztiek: kubo marroia, konpost-poltsak, giltza, informazio-imana eta birziklapen-gida. Bulegoaren ordutegia honakoa izango da: astelehen, asteazken eta ostiraletan, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Zalantzak argitzeko telefono zenbaki bat ere badute herritarrek erabilgarri: (94 6300161, 154 luzapena).

Kanpaina zenbait fasetan burutuko dela azaldu du Amorebieta-Etxanoko alkate David Latxagak. “Larrea auzoko eta  Nafarroa, Zubikurtxe, Zubipuente, Zubizabala eta Enrike Renteria kaleetako bizilagunei zuzenduta egongo da lehenengo fasea, 2.100 etxebizitza inguru hartuta. Luze gabe, baina, bosgarren edukiontzia udalerri guztira zabaltzea da gure asmoa”.

Hamasei edukiontzi marroi jarri ditu Udalak lehenengo faserako: sei Larrea auzoan (Larrabarrena 8, Aita Roman Urtiaga, Larrea auzoa 17, Larreako Herri Ikastetxearen aurrean, San Isidro bidea 25 eta Ugarte bidea 62) eta beste hamarrak Zubipunten, Zubikurtxen, Zubizabalan, Sabino Arana kaleko 42an, Enrike Renteria pasealekuan, San Juan kalean, Anboto kalean, Azoka kalean, Bizkargi kalean eta Jauregibarria etorbidean.

Kanpainan parte hartzea borondatezko kontua bada ere, hiritarrak animatu nahi dituzte udal ordezkariek: “Elementu organikoak banantzea erraza da, eta onura handiak dakartza: ekonomia-aurrezpena, kutsaduraren murrizketa, zabortegietara helarazten diren hondarren bolumena gutxiagotzea, beherakada lehengaien ustiaketan, bihar-etziko belaunaldientzako ondare egokiagoa… Gogoa eta ohituren aldaketa xumea besterik ez da behar”.

Informazio guneak
Birziklapen-sistema honek erabiltzaileen artean zalantzak eragin ditzakeela aintzat hartuta, hondar organikoak birziklatzen irakasteko informazio-saioak eta informazio-gune ibiltariak biltzen dituen programa diseinatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak. Azaroaren 8an eta 23an izango dira Zelaieta zentroan.

Ingurumen alorreko teknikariek emango dituzten 20 minutu inguruko saioak izango dira, eta gai organikoen birziklapena behar den moduan gauzatzeko informazioa eskainiko dute bertan. Azaroaren 8koa arratsaldez izango da, 17:00etatik 20:00etara bitartean. Azaroaren 23an, larunbatarekin, goizez eskainiko da, 10:30etik 13:30era bitartean. Egun bakoitzean sei hitzaldi egingo da guztira, euskarazkoak eta gaztelaniazkoak tartekatuz.

Informazio-guneak erabiliko dira, bestalde, informazio-hitzaldiak indartzeko. Azaroaren 10ean, 17an eta 24an, eta abenduaren 1ean eta 8an ezarriko dira Zelaieta parkean, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:30era. Horiezaz gain, abenduaren 27an ekitaldia eskainiko dute Potxin eta Patxin pailazoek, etxeko txikienei zuzenduta eta birziklatzen ikastea helburu izanik.

Adierazitako guztiez gain, Amorebieta-Etxanon bosgarren edukiontzia ezartzeko kanpainaren informazioa biltzen duen web orria ere diseinatu da (www.ongietorri.info).

Gaurko egunean % 20 da birziklapen-tasa Amorebieta-Etxanon. Kopuru hori kontuan hartu eta areagotzearen aldeko jarduera erantzulea eskatzen die David Latxagak herrikide guztiei. “Udal garen aldetik, hiritarrei mota guztietako bitartekoak eskaintzea da gure egitekoa. Oraingo honetan bosgarren edukiontzia jarriko diegu erabilgarri, eta kanpainan parte hartzeko deia egiten diegu, hondakin organikoak ez ezik, papera, ontziak, eta abar ere birziklatzera gonbidatuz”.