Olio erabiliaren birziklapena sustatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalak, udalerriaren erdigunean edukiontziak ezarrita

2010/09/07
• San Pedro eta Konbenio kaleetan jarri dituzte edukiontzi berriak • Udalak erabilitako olioaren birziklatzea erraztu nahi du edukiontzi berrien instalazioarekin; orain herritarrek nahi duten ordu eta egunean utz dezakete erabilitako olioa • Martxotik aurrera herri-gunean erabilitako olioa jasotzeko sistema aldatu egingo da; orain arte hileko lehenengo larunbatetan olioa jasotzera gerturatzen zen furgoneta ez da gehiago hurbilduko eta herritarrek edukiontzietan utzi beharko dute erabilitako olioa • Jarri berri dituzten bi edukiontzi berriekin, guztira zortzi dira Amorebieta-Etxanon erabilitako olioa (oliba olioa, ekilore-olioa edo sojazkoa) jasotzeko guneak. Lehenengoak 2011n jarri zituzten Ogenbarrena Larrea, Urritxe, Euba, Zubizabala eta Gane auzoetan

Amorebieta-Etxano, 2013ko otsailaren 26a. Amorebieta-Etxanoko Udalak erabilitako olioa jasotzeko bi edukiontzi berri jarri ditu herri-gunean, San Pedro eta Konbenio kaleetan haiz zuzen. Martxotik aurrera, beraz, erabilitako olioa jasotzeko sistema aldatuko da aipatu gunean. Orain arte, hileko lehenengo larunbatetan furgoneta batek jasotzen zuen erabilitako olioa, eta hemendik aurrera, edukiontzietan utzi beharko da.

Edukiontzi berriekin udalerrian zortzi dira erabilitako olioa jasotzeko (oliba olioa, ekilore-olioa, eta sojazkoa) guneak. Lehenengoak 2011 urtean jarri ziren udalerriko auzo ezberdinetan (Ogenbarrena Larrea, Urritxe, Euba, Zubizabala eta Gane). Sistema aldaketarekin, Udalak erabilitako olioaren birziklatzea erraztu nahi die herritarrei, izan ere, edukiontziek erabilitako olioa nahi den egun edo ordutan uzteko aukera ematen dute.

David Latxaga Amorebieta-Etxanoko alkateak zerbitzua erabiltzeko deia luzatu die herritarrei, eta bide batez, komun zulotik edo fregaderatik behera ez botatzera deitu ditu. “Erabilitako olioa birziklatzen ez dugunean ingurumena eta ekonomia kaltetzen ari gara, olio horrek gure ibai edo erreketan bukatzen duelako. Eta uretara iristen den erabilitako olio litro bakoitzeko, 1.000 litro ur kutsatzen ditugu. Eta arazi behar den litro bakoitzeko kostua 2,40 €koa da. Datuok ez dira ahuntzaren gaueko eztula, kontzientziak astindu eta arduraz aritzeko baliagarriak izatea espero dut”, azaldu du.

Amorebieta-Etxanoko Udala 2005 urtean hasi zen erabilitako olioa birziklatzen. Urtetik urtera geroz eta erabilitako olio gehiago jasotzen da, gorakada nabarmena izan dela egiaztatzen dute datuek: 2005 urtean 1.138 litro jaso ziren bitartean, joan den urtean 10.668 izan ziren. Zenbakiok herritarren inplikazioa progresiboki handitzen duela erakusten dute. David Latxagaren esanetan, “bide onetik goazela” erakusten duten datuak dira.  

Sentsibilizazio kanpaina 

Amorebieta-Etxanoko Udalak,  erabilitako olioa jaso, prozesatu eta birziklatzen duen Rafrinor enpresaren bidez, sentsibilizazio kanpaina abiaraziko du herriko ikastetxeetan.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko Iraunkortasun eta Zerbitzu Sailak, Eskolako Agenda 21 programaren baitan, antolatzen duen Zuhaitzaren eta Uraren Astean egingo du Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleekin. Kanpainaren helburua da hondakin honen  inguruko informazioa zabaltzea, batez ere erabilitako olioa zergatik birziklatu behar den eta birziklatzearen onurak  azalduko zaizkie.