Ogenbarrenako urbanizazio lanen bigarren fasea esleitu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2016/03/18
• Unamuno kalearen bigarren erdia, Juan XXIII kalea eta bertako kalexka, eta Ogenbarrena kaleko bikoitien aldea hobetuko dira lanei esker. • BERMEOSOLO SAUk burutuko dituen lan hauek apirilaren 5ean hasi eta lau bat hilabetez luzatuko dira.

Amorebieta-Etxano, 2016ko martxoaren 17a. Ogenbarrena auzoa urbanizatzeko lanen bigarren fasea esleitu du Amorebieta-Etxanoko Udalak. 500.000 euro inguruko aurrekontuaz, hainbat jarduketa burutuko ditu BERMEOSOLO SAUk ingurua berrantolatzeko, oinezkoei lehentasuna emanez eta duela bi urte auzoa hobetzeko proiektuaren I. fasea oinarri hartuta.
Apirilaren 5ean ekingo zaie hainbat hobekuntza ekarriko duten lanei, eta lau hilabete inguru iraungo dute. Oinezkoa protagonista duen ingurua sortzea da lehendabizikoa eta, horretarako, kaleak berritu eta neurri berriez hornituko dira, irisgarritasunaren alorreko araudia betetzeko xedez. Ondorioz, zabalagoak izango dira Unamuno eta Juan XXIII kaleetako espaloiak.

Lerro berari heldurik, oinezkoen segurtasuna hobetu ere egingo da. Espaloi zabalagoak dituzten guneak sortuko dira, zebra pasabideen antolaketa egokitu eta Juan XXIII kaleko kalexka oinezkoentzako gune bilakarazi. Horiezaz guztiez gain, aparkalekuak ere berrantolatu egingo dira, erabilera egokiagoa izan dezaten.

Aldi berean, oinezkoentzako ibilbideen sorrera eta hobekuntzarekin batera, izaera bikoitzeko asfaltoa jarriko da, barneko eta oinezkoentzako guneetan asfalto inprimatua eta perimetroko aldeetan, berriz, asfalto arrunta ezarrita. Argiei dagokienez  ere hobekuntza lanak gauzatuko dira, kale mailako argiteria berriturik eta fatxadetan dauden farolak espaloietara eramanez, lehenago berrikuntza lanak egin zireneko tokietan izan ezik.

Azkenik, saneamenduaren banantze-sistema sortuko da Unamuno, Juan XXIII eta Ogenbarrena kaleetan.