Argazkilaritza eta literatura batzen dituen Noctis proiektuaren aurkezpena izango da ostegunean Zelaieta zentroan

2014/10/21
• Txelu Angoitia, Jesus Mari Arruabarrena eta Segun Lazkano argazkilarien lanak eta literatura testuen irakurketa konbinatuko ditu ekimen honek. • Giro ilunean, gutxieneko eszenografiarekin eta argazkien atmosfera irudikatzen duen audio fondoarekin, argazkilarietako bik eta Fran Lasuen musikariak testuen zuzeneko irakurketa gauzatuko dute.

Amorebieta-Etxano, 2014ko urriaren 21a. Noctis proiektuaren aurkezpena izango da ostegunean, iluntzeko 20:00etan, Zelaieta zentroan. Ikus-entzunezkoen ekitaldi honetan Txelu Angoitiaren ANGST, Jesus Mari Arruabarrenaren MOO eta Segun Lazkanoren ERO argazkilarien lanak eta literatura testuen irakurketa konbinatuko dira. 

Gaua izango da, guztietan, gure alderik ilunenaren metafora. Dekadentzia, beldurra, angustia edota zoramena dira argazkietan barrena batera eta bestera dabiltzan sentsazioak. Hiru proposamenon sorreran, inspirazio iturri ez ezik, argazkien bidezko narratibaren motorra ere bada sarritan literatura.

Giro ilunean, gutxieneko eszenografiarekin eta argazkien atmosfera irudikatzen duen audio fondoarekin, argazkilarietako bik eta Fran Lasuen musikariak testuen zuzeneko irakurketa gauzatuko dute. Intentsitateekin eta erritmoekin jolasturik, lanen sentsazio eta sentimendu ezberdinetan murgilduko dituzte ikusleak.

Saioaren amaieran ikusleekiko eztabaida izango da, argazkilaritzaren eta literaturaren arteko harremanak gai hartuta.