Nekazaritza ekologikoaren inguruko guztia ezagutzeko aukera Zubiondo parkeko erakusketa ibiltarian

2021/09/13
• ‘ Nekazaritza ekologikoarekin dena hobetzen da’ izena du erakusketak, eta gaurtik ostiralera bitartean egongo da ikusgai Zubiondo parkean. • Erakusketaren helburua da ekoizpen ekologikoaren inguruko ikuspegi guztia helaraztea herritarrei: honen abantailak eta ingurumenari ekartzen dizkion onurak. Eskualdeko ekoizle ekologikoen inguruko ezagutza ere emango da.

Amorebieta-Etxanoko herritarrek nekazaritza ekologikoaren nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute gaurtik ostiralera bitartean, irailaren 13tik 17ra, Zubiondo parkean, 17:00etatik 21:00etara. `Nekazaritza ekologikoarekin dena hobetzen da´ erakusketa ibiltariak helburu du ekoizpen ekologikoari buruzko ikuspegi osoa helaraztea. Hau da, ekologikoa egiteak dituen abantailak eta ingurumenari ekartzen dizkion onurak. Ekolurrak 20 HQ edukiontzi bat kokatuko du Amorebieta-Etxanoko Udalarekin elkarlanean eta bertan azalpenak emango dituzten pertsonak egongo dira. Hala, ingurumenarekin kezka edo tokiko elikagai ekologikoekin interesa duen edonork informazio ulergarria jasoko du bertan, eta bide batez, eskualdeko ekoizle ekologikoen ezagutza ere emango da.

 

Edukiontzia, panel informatiboekin

Erakusketa ibiltaria izaki, Zubiondo parkean edukiontzi bat jarriko dute, eta kanpo aldean informazio panelak izango ditu, Ekolurrek prestatuko datu eta irudiekin. Izan ere, `Elikadura ekologikoarekin dena hobetzen da´ lelopean, hainbat panel informatibotan, besteak beste, onurak zein diren azaltzen da: produktuak elikagarriagoak dira, ekoizten den tokiko ingurumena hobetzen dute, arreta eta osasun printzipioak dituzte oinarri, garbi daude, planeta zaintzen dute, tokikoak dira eta konfiantzazkoak.

Bestalde, ekologikoa egiteak abeltzainetan duen onura ere azaltzen da: ez dago animalen ongizate maila altuagoa duen abeltzaintza sistemarik, eta karbono aztarna txikiena uzten duen sistema da, besteak beste.