Nagusi Aretoak Azkuna Zentrora bisita bat antolatu du

2015/05/11
• Eraikina lehen ardoen biltegi izanikoa da eta 100 urte baino gehiago ditu. Philippe Starck diseinatzaile frantsesaren eskutik eraberritu egin da eta orain zentro zibiko balioaniztuna da. • Bisita datorren maiatzaren 20an izango da eta joateko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da.

Amorebieta-Etxano, 2015eko maiatzaren 12. Nagusi Aretoak hirugarren bisita kulturala egingo du.  Oraingo honetan Bilboko Alhondiga bisitatuko da, orain Azkuna Zentroa deitzen dena.

Eraikina lehen ardoen biltegi izanikoa da eta 100 urte baino gehiago ditu.  Philippe Starck diseinatzaile frantsesaren eskutik eraberritze lanak burutu ondoren, zentro zibiko balioaniztun bihurtu da orain. Horretarako 75 milioiko inbertsio bat egin zen.  Lanak 2001ean hasi ziren eta 2010ean amaitu. Barruko egitura osorik eraitsi zen baina fatxadari eutsi zitzaion.  120 lagunek parte hartu zuten Bilbo erdian kokatutako eraikin berritzaile baten ideia martxan jartzeko.

Bisita gidatuan adreiluz forratutako hiru kuboak barrutik ikusi ahal izango dira.  Era berean, auditorioa, liburutegia, erakusketa gela eta denda bisitatuko dituzte. Nola ez, elkarrengandik desberdinak diren eta eraikinari eusten dioten 43 zutabe horien esanahia hobeto ezagutu ahal izango dute. Hauek dira eraikinari ukitu berezia ematen diotenak eta Zentroaren filosofiaren oinarri direnak. 

Bisita doakoa da eta maiatzaren 20an egingo da, arratsaldeko 17:30ean. Izena emateko epea maiatzaren 18an amaitzen da.  Plaza kopurua mugatua da.   Izena eman nahi duenak edota informazio gehiago eskuratu nahi duenak Nagusi Aretora jo dezake, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara. Informazioa eskuratzeko telefonoa: 94 6491129.