Nagusientzako aisialdi aktiborako Nagusi Aretoa, inauguratu dute Amorebieta-Etxanon

2014/10/03
• Aktibo irauteko, gizarte-harremanei eusteko edota harreman berriei hasiera emateko, euren ekimenak nahiz ekimen partekatuak sustatzen dituzten nagusiei dago zuzenduta Nagusi Aretoa. • Harrera, erabilera anitzeko aretoa eta berorrekin lotuta dagoen beste bat, bulegoa, batzargela, ziberkafea eta biltegia ditu espazio berri honek.

Amorebieta-Etxano, 2014ko urriaren 03a. Amorebieta-Etxanoko alkate David Latxagak eta Gizarte Ekintzako zinegotzia den Itxaso Iriondo Nagusi Aretoa inauguratu dute gaur. Lide Amilibia Bergaretxe, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politika Sailburuordetzako Gizarte Zerbitzuen zuzendaria, Bizkaiko Foru Aldundiko Pertsonen Autonomia Sustatzeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko zuzendari nagusia den Sergio Murillo Corzo eta Jon Guajardo Remacha, Galdakao-Usansoloko Ospitalearen zuzendari-kudeatzailea ere izan dira, besteak beste, udalerriko nagusiei aisialdirako aukera berriak eskainiko dizkien espazioaren inaugurazioan.

Amorebieta-Etxano udalerrian, 65 urte edo gehiago daukaten bizilagunak hiru mila berrehun eta zazpi dira, herriko guztirako biztanleriaren % 18 hain zuzen. Hainbat eta hainbat dira, gaur egun, Amorebieta-Etxanon, aisialdiaren alorrean eskaintzen diren ekintzetan parte hartzen duten udalerriko biztanleak. Programazio horietan, dena dela, beti ez daude integratuta edade batekoak izan eta gorantz doan kolektibo bat osatzen dutenen beharrizanak: jubilatu berriak, prejubilatuak, hirurogei edo hirurogeitaka urte beteta dituztenak. Lan arloan, familian, gizartean, kulturan, kirolean, eta abarretan, oso aktiboak dira pertsonak horiek eta nahiago izaten dituzte beste era bateko aisialdi jarduerak. Aktibo irauteko, gizarte-harremanei eusteko edota harreman berriei hasiera emateko, euren ekimenak nahiz ekimen partekatuak sustatzen dituzten nagusiei dago zuzenduta Nagusi Aretoa, eta aretoaren helburua da, baita ere, kolektibo horrek dituen balioak, eskubideak eta betebeharrak aintzat hartuak eta errespetatuak izatea.

Nafarroa zentroan lehendik dagoen eskaintza osatzera dator, nolabait, Nagusi Aretoa. Ez da samurra edadekoen aisiari aurre egitea; izan ere, urteetan aurrera joan ahala, handiagotuz baitoaz pertsonen arteko ezberdintasunak maila guztietan, euren interes-puntuak eta aisialdirako ohiturak barne. Hori horrela, edadekoen kolektiboaren barruan bi talde nagusi bereiz daiteke. Batzuek izaera tradizionaleko jardueretan aritzea nahi izaten dute eta beste batzuek, ordea, bestelako kezkak dituzte.

Euren gorputz-, gizarte- eta buru-ongizatea ahalik eta egokiena izan dadin, udalerriko nagusiak aisialdiaz era aktiboan gozarazteko lanetan dihardute etengabe Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza sailean. Helburu horrekin, profesional baten esku izango da Nagusi Aretoaren dinamizazioa, eta gizarte eta kultura alorreko ekintzak antolatuko dira (bideoforumak, hitzaldiak, irteerak museoetara) bai eta osasunari eusteko programak ere (nutrizioaren alorreko jarraibideak, auto-estimu tailerrak, mendekotasunaren prebentzioa); gizarte-eskubideei buruzko informazioa eskainiko dute (diru-laguntzak, bidaia, euskarri teknikoak), eta udalerrian aisialdiaren eta boluntarioen esparruetan dagoen eskaintzarena (kirola, kultura, elkarteak). Harrera, erabilera anitzeko aretoa eta berorrekin lotuta dagoen beste bat, bulegoa, batzargela, ziberkafea eta biltegia ditu espazio berri honek.

Amorebieta-Etxanoko Udala, NAGUSI ARETOA eraikita, aitzindaria izan da, eta apustu sendoa egin du herritarrei erantzun globala eta eurekin kontatzen duena eskaintzearen alde, Euskadin eta Europan indarrean dauden Zahartze Aktiboaren aldeko politikekin bat eginik.