Udalak Nafarroa Zentroko irisgarritasuna eta bertako espazioak hobetzen jarraitzen du

2018/06/12
• Udalak ekin dio zentroa zaharberritzeko lanen bigarren faseari (lau fase izango ditu). • Osorik berritu nahi da, dagoen espazioari ahalik eta etekinik handiena atera eta herritar guztientzat irisgarriagoa izatea nahi da. • Lanak egiteko bi hilabete eta erdi inguru beharko dira eta Udalak 576.208 euro inbertituko ditu.

Amorebieta-Etxano, 2018ko ekainaren 12a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroa zaharberritzeko lanen bigarren faseari ekin dio. Lau fase izango dira guztira. Datozen hilabeteetan, eraikinaren lehenengo eta bigarren solairuko hegoaldean egingo dira lanak. Osorik berrituko da, dagoen espazioari ahalik eta etekinik handiena atera eta herritar guztientzat irisgarriagoa izatea nahi da.

Lehenengo solairua

Lehenengo solairuan, udalak alboko sarrera ingurua guztiz berrituko du eta gela pare bat jarriko dira, bat bulegoa izango da eta langileen atseden tarterako lekua eta bestea aulkiak aldi baterako pilatzeko erabiliko da. Aldaketa honek larrialdietarako irteerako atea babestutako eskailerara aldatzea ekarriko du. Udalak klimatizazio sistema berriztuko du eta baita zerbitzu elektrikoa, telekomunikazioena, argiztapena, suteen kontrako babesarena eta megafonia. Segurtasuna areagotu nahi da eta Nafarroa Zentroko egonaldiaren kalitatea hobetu. Segurtasuna handitzeko eta larrialdiren bat egonez gero mugikortasun urria dutenak errazago atera ahal izateko, udalak babesleku bat jarriko du eskaileraren barruko partean.

Bigarren solairua

Bigarren solairuan, alboko pasilloa erdira eramango da. Solairu horretako gela eta zerbitzu guztien arteko irisgarritasuna eta komunikazioa hobetu nahi dira, beste batzuen artean gela multisentsoriala, hidroterapia gela eta desgaituen zentroa. Azken zentro honek erabiltzaileak artatzeko bulego bat izango du, bilera gela bat, erabiltzaileentzat aldagelak, profesionalentzat aldagelak, lau tailer okupazional eta jantoki gela handi bat. Espazioa berriztu ondoren, irisgarriagoa eta argitsuagoa izango da. Ateak kristalezkoak izango dira eta honek bigarren solairua argitsuagoa izatea ekarriko du.  Lanak egiteko bi hilabete eta erdi inguru beharko dira eta Udalak 576.208 euro inbertituko ditu.

Hobekuntza lanak zatika egin dira zentroa zabalik egon ahal izataeko

Lan hauek 4 fasetan egitea aurreikusten da eta bata bestearen ondoren izango dira. Amorebieta-Etxanoko Udalak inbertsio hau burutu du herrian Gizarte Ekintza Sailaren bidez eskaintzen diren zerbitzuak areagotzeko, esaterako: nagusien eguneko zentroa, desgaitasunen bat dutenentzako eguneko zentroa, jubilatuen etxea, desgaitasunen bat dutenentzako integrazio elkartea (AIDAE), Down sindromea fundazioa eta minbiziaren aurkako elkartea.   Lehenengo fasean Udalak hiru gune egokitu zituen mendeko adinekoei edo mendekotasun arriskuan dauden adinekoei eguneko arreta emateko programa bat martxan jartzeko. Pertsona horiei aldi baterako edo iraupen luzerako zerbitzua egunez eskainiko zaie. Zerbitzu horretan euren autonomia sustatzeko laguntza emango zaie, neurriz, ohiko bizimoduari eta sozializazioari eutsi diezaieten eta bakardadea hautsi dezakeen aukera izan dezaten. Era berean, Jubilatuen Egoitzako tabernan ere lanak egin dira sukaldea prest izateko eta eraikineko larrialdi irteerak egokitzeko.