Nafarroa Zentroa laster egongo da guztiz eraberrituta

2019/04/30
• Eraberritze lanen laugarren fasea abuztuan hasiko da • Amorebieta-Etxanoko Udalak zentroa eraberritzeko lanekin jarraitzen du, dagoen espazioari ahalik eta etekinik handiena atera eta herritarrentzat irisgarriagoa egiteko.

Amorebieta-Etxano, 2019ko apirilaren 30a. Amorebieta-Etxanoko Udalak Nafarroa Zentroa eraberritzeko lanekin jarraituko du, dagoen espazioari ahalik eta etekinik handiena atera eta herritarrentzat irisgarriagoa egiteko.

Hobekuntza lanak faseka burutzen ari dira. Horri esker, zentroak martxan jarrai dezake lanak egiten diren bitartean. Eraberritze lanen I, II eta III. faseak jadanik egin dira, hain zuzen ere, bigarren solairua eta lehenengo solairuko hegoaldeko partea osorik eraberritu dira.

Laugarren faseari abuztuan ekingo zaio eta lehenengo solairuaren iparraldeko partea osorik eraberrituko da, hau da, Gizarte Ekintza Saila eta mendekotasun gradu baxua duten adinekoen zentroa. Nagusien zentro hau lekuz aldatu eta fatxadarantz eramango da, argi naturala aprobetxatzeko. Gizarte Ekintza Sailak herritarrei arreta emateko gunea sarbide nagusiaren aurrez aurre geldituko da eta gainontzeko bulegoak barrurantz geldituko dira: bilera gela, officea, komuna, biltegia eta erabilera anitzeko bulegoa.

Atondo nagusian komun bi jarriko dira, bat egokituta. Sarbide berri bi zabaldu beharko dira erdiko espaziotik, adinekoen jardueretarako eta atsedenerako gelarako.

Gainera, egungo argi-zuloak kenduko dira eta zentroaren beharrizanetarako egokia den argiztapen sistema bat jarriko da. Halaber, irteera kotan dagoen egungo teilatua guztiz eraberrituko da, orain dauden maldak eraberrituz.

Laugarren fase honen aurrekontua guztira 568.000 eurokoa izan da.