Mendeko pertsonentzako psikoestimulazio ikastaroa Amorebieta-Etxanoko Udalaren eskutik

2008/09/24
Irailaren 10ean hasi zen ikastaroa, eta urriaren 15era artekoa izango da • Hainbat funtzio intelektuali sasoian eusteko balio du psikoestimulazioak eta hori oso baliagarria da narriadura kognitiboa pairatzen dutenentzat • Bigarrenez jarri dira abian tailer hauek Zainduz Programaren ekimenez, eta mendekoentzako onura lortzeaz gain, jagoleei atsedenaldia ematea da beraien helburua

Amorebieta-Etxano, 2008ko irailaren 23a. Zainduz programaren barruan, mendekotasun arina dutenentzako psikoestimulazio tailerra ari da ematen Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ongizate saila. Irailaren 10ean hasi zen ikastaroa eta urriaren 15era arte emango da, asteazkenetan, 16:00etatik  17:00etara Nafarroa Zentroan.
Hainbat funtzio intelektuali sasoian eusteko balio du psikoestimulazioak, eta hori oso baliagarria da narriadura kognitiboa pairatzen dutenentzat. Gaitasun kognitiboak, fisikoak eta jokaerakoak hobetzeko, nagusiekin lan egitea da programaren oinarria. Oroimenaren defizita arintzeko eta konpentsatzeko teknikak eta estrategiak, lengoaia-teknikak, errealitatean orientzatzeko metodoak eta zentzumenekin eta psikomotrizitatearekin lotutako jardueran dira, hain zuzen ere, ikastaroan lantzen direnak. Prozesu kognitiboak dituzten jarduera zehatzak burutzen dira, elkartze- eta sailkapen-tekniken bidez oroimena entrenatu esaterako, hitz-jarioaren estimulazioa, arretaren eta kontzentrazioaren entrenamendua eta psikomotrizitate-tekniken erabilera.
Bigarrenez jarri dira abian tailer hauek Zainduz programaren ekimenez, eta mendekoentzako onura lortzeaz gain, jagoleei atsedenaldia ematea da beraien helburua. Parte hartzeko interesa dutenek www.amorebieta-etxano.net web orriaren bidez edo Gizarte Ongizate Saileko telefonora deituz (946300190) eman dezakete izena.