Japonen ezusteko arrakasta lortu duen Yuimino+ taldea ekarriko du Amorebieta-Etxanora Mangamore jaialdiaren VIII. edizioak

2014/10/07
• Japongo idol taldea da Yuiminio+ eta arrakasta izugarria lortu du bertan. DJ ere jarduten duten hiru neskak osatuta dago. • Mangamore jaialdiaren aurtengo edizioan gastronomia karpa ere izango da, eta Japongo mota guztietako produktuak dastatu ahalko dira bertan. Menu bereziak eta umeentzakoak ez ezik, garagardo japoniarrak eta bertako gozoki tipikoak ere izango dira. • Europa guztiko herrietatik etorriko dira, Errusia barne, txakurren Akita Shiba Inu txapelketan parte hartuko duten 80 lehiakideak. • Guztira 90 jardueratik gora programatu dira jaialdiaren hiru egunetarako: kontzertuak, ikuskizunak, tailerrak, umeentzako ekintzak, bideojokoak, lehiaketak, etab.

Amorebieta-Etxano, 2014ko urriaren 07a. Beste urte batez, Amorebieta-Etxanora dator atzera Mangamore, Japongo kulturaz eta manganimez gozatzeko eta gehiago jakiteko jardueraz beterik. Programa originalenetako, ludikoenetako eta dibertigarrienetako bat da jaialdi hau, eta milaka  bisitari erakartzen ditu urtero urtero.
Guztira, 90 jardueratik gora programatu dira, mota guztietakoak, tailerretatik hasi eta musika-emanaldietaraino, lehiaketak, bideojokoak, umeentzako ekintzak eta beste hainbat ahaztu gabe. Hori guztia girotuz, Zornotzako jaialdiaren maskota den Ureshi, ibiliko da kaleetan zehar.

Ikuskizunak eta kontzertuak


Berrikuntza gisa, Yuimino+ talde japoniarra izango da larunbatean Zelaietan. DJ ere jarduten duten eta jantzi deigarriez ageri izaten diren hiru neskak osatzen duten idol talde honek arrakasta izugarria lortu du bertan bere cosplay-ei esker.
Beste talde batzuk ere arituko dira: Skimales (abestien bertsioak egiten ditu, umoreak zipriztinduta, Algortako talde honek) esaterako, eta Attack on Games ere bai, zenbait bideojokoren soinu bandak pianoaz eta gitarraz interpretaturik.

Gastronomia karpa

Urteroko moduan, aurtengo edizioan ere nabarmena izango da gastronomia-kulturaren presentzia. Karpa gastronomikoa muntatuko da Zelaieta parkean, jaialdiak dirauen artean irekita egongo dena, eta Japongo mota guztietako produktuak dastatu ahalko dira bertan.
 Menu bereziak eta umeentzakoak ez ezik, garagardo japoniarrak eta bertako gozoki tipikoak ere izango dira. Donostiako A Fuego Negro jatetxeko Edorta Lamok, euskal sukaldaritza ekialdekoarekin fusionaturik, Mangamore Jaialdirako sortu dituen pintxoak jateko parada ere izango da.  Amorebieta-Etxanoko Urtza tabernako Julen Bazek ere diseinatu du pintxo bat, karpan dastatu ahalko dena. Gastronomia tailerrak ere izango dira: Okonomiyaki delakoaren gainekoa batetik, eta sushi dastaketak bestetik.

Txakur lehiaketa


Azken edizioetan jarduera arrakastatsuenetakoa izan dena errepikatuko da bestalde, Akita Shiba Inu izeneko txakur lehiaketa hain zuzen. Aurtengo edizioan Europa guztiko herrietatik etorriko dira, Errusia barne, txapelketan parte hartuko duten 80 lehiakideak. Larunbat goizean izango da, Zubiondo parkean.

Tailerrak, txapelketak…

Japongo alderik tradizionalenek ere izango dute beren tokia Mangamoren, kimonoa janzteko tailerretan, eta Bon Odori eta Kendo eta Ninjutsu borroka arteen erakustaldietan. Manga eta animea ere ez dira faltako, jakina, horien erakustoki izango baitira dagoeneko tradizio bilakatu den cosplay erakustaldia eta karaokea.

Japongo kulturari buruzko hitzaldiak ere izango dira; Juan Carlos Perezek mangaren eboluzioaz eta Japonerako bidaiez jardungo du eta Andrea Sanok, bere aldetik, gyaru delakoari buruz. Azkenik, Joseba  Cordon Toei-az eta Tokusatsu-aren industriaz arituko da, dokumentala ere ekarririk.

Zornotzarren partaidetza

Azpimarratzekoa da, azkenik, herritarren partaidetzak duen garrantzia. Besteak beste direla, Zaparrada batukadaren emanaldia izango da, Ukabilak elkartearen karate erakustaldia, Eromen musika taldearen kontzertua eta Forjadores elkarteak antolatuta eskainiko den mahai-jokoen esparrua.

Esan beharra dago, era berean, jaialdia Zelaieta zentrora mugatu barik, udalerriko hainbat espaziotara zabalduko dela, Amorebieta-Etxanoko kale eta plazetan emanaldiak eta kale-animazioa eskainirik. Ureshi, jaialdiaren maskota, bere aldetik, herrian barrena ibiliko da, nahi dutenekin zenbait tokitan argazkiak eginez. Zelaietan batu ahalko dira, dohainik, argazkiok.

Egitaraua eskuragarri dago webgune honetan: www.mangamore.net