Mangamore jaialdiaren VII. edizioa kalean.

2010/09/07
- Tokiko inplikazioa eta kolaborazioa areagotuko dira aurtengo edizioan, bertako publikoa erakartzeko xedez. - Luis Urrengoetxea kaleko tabernetan pintxo euskal-japoniarrak eskainiko dira. - Desfilea egingo du Ureshik, jaialdiaren maskotak, Gudari eta Luis Urrengoetxea kaleetan, Zaparrada Batukada lagun duela. - Manga erako irudiak eta beste tradizio batzuekin lotuago dagoen teknika konbinatzen duen erakusketa izango da Zelaietan. - “Eromen” erromeria taldeak ikuskizuna sortu du propio Mangamore jaialdirako.

Amorebieta-Etxano, 2013ko irailaren 19a. Eragin guneak areagotuko ditu aurtengo Mangamore jaialdiak. VII. edizioa urriaren 11n, 12an eta 13an izango da, Zornotzako kaleak ere harturik. Programazioa zabala da, eta tokiko inplikazioa eta kolaborazioa areagotuko dira aurtengo edizioan, bertako publikoa erakartzeko xedez.
Horrela, urriaren 12an, iluntzeko 19:00etan hasita, Luis Urrengoetxea kaleko tabernariek prestatuko dituzten pintxo euskal-japoniarrak dastatu ahalko dira. Bereziak izango dira kale horretako pintxoak, Zelaieta zentroan urteroko moduan izango den eskaintza gastronomiko zabala areagotuz. 

Herriko kaleak girotzea da helburua, Zelaieta ingurura 10.000 lagun inguru biltzen baita urtero Mangamore jaialdiak erakarrita. Eraginpeko erradio hori handiagotzea da xedea, hurrengo urteetan herriko beste inguru batzuetara ere zabaltzeko asmoz. 

Hori aintzat hartuta, desfilea izango da egun berean Gudari eta Luis Urrengoetxea kaleetan barrena, jaialdiaren maskota den Ureshi buru dela. Desfilea gaueko 21:00etan abiatuko da, Amorebieta-Etxanoko Zaparrada Batukadak danborren soinua eta giroa emanda.

Era berean, Mikel Berrojalbiz zuzendari duen Estudio2 Zornotzako akademiako ikasleen erakusketa izango da, Mangamore jaialdiari lotuta, Zelaietako liburutegian. Manga erako irudiak, beste tradizio batzuei lotuago dagoen mihise gaineko olioarekin konbinatuta egindako lanak izango dira, Yaiza Guerra, María Alarcón, Ane Miren García, Ariane Ordoñez, Olatz Ugalde eta Iraide Ugalde ikasleen eskutik etorriko direnak eta efektu berezia eragingo dutenak konbinaketa horri esker.

Bestalde, Amorebietako “Eromen” erromeria taldeak propio prestatu du ikuskizun bat Mangamore jaialdirako eta euren errepertorioko eta Hesian, Skalariak, Esne Beltza… taldeen abestiekin batera, anime japoniarretakoak ekarriko dituzte: Doraemon, Dragoi Bola… Mangamore jaialdiaren abestia ahaztu gabe, jakina. Beren bertsioa eskainiko dute urriaren 11n, ostiralarekin, iluntzeko 19:00etan hasita, Mangamore jaialdiko eszenatoki nagusian.

Herriko beste eklarte batzuek ere hartuko dute parte ospakizun honetan. Forjadores elkarteak, esaterako, mahai jokoen gunea eta euskalextrica, -Mario Karten pistak erabilgarri izango dira bisitarientzat- antolatuko ditu.