Maiatzaren 28a, Emakumeen Osasunaren aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna

2021/05/28

Amorebieta-Etxano, 2021eko maiatzaren 28an, ostirala. Osasunerako eskubidea giza eskubide unibertsala da. Emakumeentzako osasun integrala ez da gertaera biologiko hutsa, faktore biologiko, psikologiko eta sozialei erantzuten die eta kasu gehienetan, emakumeek gizartean duten lekuaren mende dago, baita bizitza duina, aukera-berdintasuna duena eta indarkeriarik gabea bizitzeko baliabideak eskuratzeko duten gaitasunaren mende ere.

Guretzat, osasun-arloko ekitatea lehentasunezko helburua da eta helburu hauek ditu:

- Osasuneko genero-desberdintasunei buruzko ezagutza sustatzea eta genero-ikuspegia indartzea osasun-politiketan eta osasun-langileen etengabeko prestakuntzan.

- Ezberdintasun horiei buruzko ezagutza sortzea eta zabaltzea eta osasuna kontuan hartuta ekitatea sustatzeko eta desberdintasunak murrizteko jardunbide egokiak sustatzea; horrela, egoera ahulenean eta bazterketa-arriskuan dauden taldeentzako arreta hobetuko da.

Maila globalean, proposatutako ekintza-ildoak honako hauek dira: lidergo sendo bat eta erantzun instituzional koherente bat sortzea; osasun-sistemek emakumeen alde lan egitea eta politika publikoetan aldaketak bultzatzea, gizarte osasuntsuagoa lortzeko.

Ildo horretan, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Berdintasun Sailak online garatutako bi hitzaldi hauek antolatu zituen 2020an:

- Bat Ianire Estébanez psikologoarekin: https://labur.eus/q33F8

- Eta beste bat Lidia Coscorratza Amabilia doktorearekin: https://labur.eus/KJZUm