LGTBIQ+ adineko pertsonek diskriminazio bikoitza jasateko arriskua dute edadismoagatik, homofobiagatik edo transfobiagatik

2022/07/01
Atzoko jardunaldia Amorebieta-Etxanoko Udalaren laguntzarekin egin zen; bertan parte hartu zuten Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak, eta hainbat profesionalek.

Amorebieta-Etxanoko IMQ Igurco Orue egoitza soziosanitarioak eta IMQ Igurco José M.ª Azkuna foru-egoitzak LGTBIQ+ kolektiboaren inguruko jardunaldia ospatu zuten Udalaren laguntzarekin; adinekoen arretaren ikuspegia eta LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izan zituzten hizketagai. Ekitaldia Orue egoitzako auditoriumean egin zen, ‘Aniztasuna errespetatu eta zaintzen dugu’ lelopean.

Jardunaldian parte hartu zuten Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza eta Berdintasun zinegotziak eta Naiara Fernández mediku geriatrak eta IMQ Igurcoko zuzendari asistentzialak.

Ondoren, belaunaldien arteko esperientzien mahai-ingurua egin zen, eta honako hauek hartu zuten parte: Mintxu Terceño, IMQko Igurco Orue egoiliar ohia; Asmi Ananda Molina, Kaleidos, Krisol eta Gehitu erakundeetako sexu arteko aktibista; Iker Martín, IMQ Igurcoko Kalitate arduraduna eta Euskal Herriko Unibertsitateko LGTB Ligaren sortzaileetako bat; Jon IMAzkuna Arardo, Bilboko egoitzako erizaina.

Mahai inguruaren ostean, Iraide Legina aktibista transexual zornotzarrak hitzaldia eman zuen, Aldarte eta Kili Kili erakundeetan aritzen denak.

Diskriminazio bikoitzaren arriskua
Naiara Fernández geriatrak jardunaldian adierazi zuen bezala, «Adinekoei arreta ematen dieten profesionalok kezkatuta gaude LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek urteak betetzen dituzten heinean diskriminazio bikoitza jasan dezaketelako: adinarekin lotutakoa eta txikitatik homofobia edo transfobia moduan arrastaka eramaten dutena. Horiek eragin dezakete hautemandako bakardade-egoerak eta gizarte-isolamendua agertzea, eta kalte nabarmena eragin dezakete haien osasunean eta bizi-kalitatean».

IMQ Igurcoko Asistentzia zuzendariaren ustez, «Profesional garen aldetik, adinekoen aniztasuna ikusarazteko erantzukizuna dugu, baita genero-identitateari eta orientazio afektibo-sexualari dagokienez ere, espazioak sortuz, askatasun sexualaren eta afektiboaren garapena bermatuko dutenak. Horretarako, profesional sanitarioen prestakuntza espezifikoari ekin behar zaio, tratu konprometituaren sustatzaile gisa eta askatasun-sentimendua errazte aldera.

‘Harrotasuna’
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotzi Ainhoa Salterain Gandariasek honako hau azpimarratu zuen: «Amorebieta-Etxanok sexu-aniztasuna eta genero-identitatea ikusarazi eta aitortu nahi ditu. Horregatik egin diegu herritarrei "Harrotasuna" kanpainaren partaide. Aniztasunarekiko konpromisoa errespetutik berresten duen udalerri batean bizitzearen harrotasuna transmititu nahi dugu. Gainera, gonbita egin nahi diegu herritarrei bat egin dezaten, alde batetik, LGTBIQ+ kolektiboa babestera eta ikusaraztera, eta, bestetik, gure udalerrian gertatzen den edozein indarkeria homofoboren aurrean gure gaitzespenik sendoena adieraztera».

Espazio seguruak eta libreak
Jardunaldian parte hartu zuen beste batek, Iker Martínek, IMQ Igurcoko Kalitate arduradunak, honako hau nabarmendu zuen: «Gure ardura da, profesional garen aldetik, LGTBIQ+ adinekoek askatasunez bizitzeko eta adierazteko espazio seguru bat eskaintzea. Pertsonarengan oinarritutako arretak sexualitatearen eta pertsona bakoitzaren identitatearen alderdiak ere hartzen ditu. Horretarako, funtsezkoa da zentro soziosanitarioek, erakundeekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan, sentsibilizazioan, prestakuntzan eta horretarako beharrezkoa den adimen emozionalean aurrera egitea».

Amaitzeko, IMQ Igurcok Amorebieta-Etxanon dituen egoitzek eta Udalak antolatutako jardunaldiaren garrantzia azpimarratu zuen, «hainbat hamarkadatan bere eskubideen onarpenaren alde borrokatu den kolektibo baten normalizazioa eta tratu duina lortzen lagunduko duten ekimen askoren artean lehena izatea espero dut».