Larreako haurreskolako lanak bukatuta, ikasturte berria eremu funtzional eta atseden gune berriekin hasiko dute txikiek

2021/09/06
• Hobetze lanak 0 eta 1 urteko geletan egin ditu Udalak. • Amorebieta-Etxanoko udalak 83.000 euroko inbertsioa egin du.

Amorebieta-Etxanoko udalak bukatu ditu Larreako Haurreskolan egindako hobekuntza lanak, 2021-2022 ikasturtea hasi aurretik. Hala, zornotzar txikiek eremu funtzional berria eta atsedenerako gune berria dituzte 0 eta 1 urte bitarteko geletan. Hobekuntza lanak udako opor garaian egin dira eta Udalak gogoratu du, moldaketak egin badira ere, bi gelek orain arteko eremu bera dutela, 30 m2 ingurukoa. Inbertsioa 83.000 eurokoa izan da.

 

 

Gune berriak, garbitasunerako, elikagaiak prestatzeko eta deskantsurako

Egindako hobekuntza lanei esker, bi ikasgelek eremu berriak dituzte komunean: garbitasun eremua eta elikagaiak prestatzeko gunea. Garbitasunerako eremuak bi geletatik du sarbidea; itxita dago sabairaino eta beirate bat du bi gelekiko kontaktu bisuala ez galtzeko. Umeak aldatzeko altzaria ere jarri da bertan, koltxonotekin eta bainuontzi batekin. Gainera, aldaketetarako altzaria baliagarria da orain eskailera eta garbitasunerako produktuak gordetzeko.

Manpara batekin banatuta, garbitasunerako gunearen ondoan elikagaiak prestatzen eremu berria eraiki da; hozkailua, harraska eta elikagaiak biltegiratzeko baldak daude bertan.

Atseden gune berria aretoaren bukaeran kokatu da, eta isolamendu akustikoa du eraiki diren pladur trenkada eta sabai faltsuari esker. Gune berri honetara sartzeko atean leiho bat ere jarri da, kontaktu bisuala mantendu ahal izateko. Lurra ere berritu da.

Bestelako hobekuntza lanak ere egin ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak: geletako hormak margotu ditu, eta sistema elektrikoa eta argiteria berritu ditu.