Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrei laguntza eskatu die udalerriko zuhaitz berezien zerrenda osatzeko

2010/09/07
• Helburua da Bizkaiko Foru Aldundiari zuhaitz berezien zerrenda osatzen laguntzea eta horietako bateren bat Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaitz berezien zerrendan sartzea • Proposamenak aurkezteko azkeneko eguna martxoaren 25a da

Amorebieta-Etxanoko Iraunkortasun eta Zerbitzuen Sailak udalerriko zuhaitz berezien zerrenda osatzen laguntzeko eskaera luzatu du. Helburua da, herritarren laguntzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiari zuhaitz berezien zerrenda osatzen laguntzea, eta zerrenda horretako bost zuhaitz Euskal Autonomia Erkidegoko zuhaitz berezi gisa izendatzea. Gaur egun Eusko Jaurlaritzak 26 zuhaitz dauzka zuhaitz berezi adierazpenaz izendatuta, horietako bost –bi arte, bi hagin eta haritz bat– Bizkaiko lurraldean. 

Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko Legeak honela definitzen ditu zuhaitz bereziak: “Beren ezaugarri apartak edo nabarmentzekoak direla-eta (tamaina, adina, historia, edertasuna, kokapena…) babes berezia duten zuhaitz aleak dira zuhaitz bereziak”.

Horrela, definizio horren barruan sartzen den zuhaitzaren, edo sartzen diren zuhaitzen, proposamena egitea eskatzen zaie herritarrei. Hain zuzen, zuhaitza non dagoen eta proposamenaren arrazoiak aurkeztu behar dira idatziz, zuhaitzaren argazkiarekin lagunduta.

Proposamenak martxoaren 25erako aurkeztu behar dira ingurumena@amorebieta.net helbide elektronikora. Foru Aldundiko teknikariek aurkezten diren proposamen guztiak bisitatuko dituzte eta jasotako proposamen guztien artean Bizkaia mailan bost ale aukeratuko dituzte.