La Tejera hobetzeko lanak hasi dira

2015/05/21
• La Tejerako errotonda inguruan ekipamendurako eta kiroletarako berdegune berriak jarriko dira. • Era berean, galtzada konponduko da La Tejeratik Astepera arte.

Amorebieta-Etxano, 2015eko maiatzaren 21a. Bihartik aurrera, La Tejeran hobekuntza batzuk egingo dira Biarritz industrialdeko partzelaren hiri berrantolaketaren ondorioz. Industrialdearen mugaketa aldatzea erabaki da, La Tejerako errotonda inguruan ekipamendu eta kiroletarako berdegune berriak jarriz.  Ekipamendu partzelan obrako materiala biltegiratu izan da, nahiz eta azken aspaldian hondakindegi bezala erabili den.  Orubetik materialak eta hondakinak kendu ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak aisialdirako gune bezala erabili nahi ditu Zubipunterako errotonda alboan dauden erabilera publikoko partzelak. Egun hauek Biarritz industrialdeko hesiaren barruan daude. 

Berdeguneek 2.200m2-ko azalera dute gutxi gorabehera. Errotonda alboan dagoena laua da eta besteak malda apur bat dauka mendi-hegalerantza.  Egun, industrialdera sartzeko atearen alboan hainbat aparkaleku daude eta, bidearen bazterra erabiliz, aurrerantzean 15 plaza izango direla aurreikusten da.  Ilaran aparkatu beharko da, bidearen zabalerak ez baitu gehiagorako ematen.  Ate berria industrialdean sartuta geldituko da, grafikoan ikus daitekeen mugaketa berriarekin. Ibilgailuen zein oinezkoen sarrerari eutsiko zaio. Egun dagoen itxiturari dagokionean, errotonda eta berdegunea elkartzen diren zatian bota egingo da, etenik gabe aurrera egin ahal izateko, egun dagoen kota aldeari konponbide bat emanez.  Azkenik, landare-lurrarekin betelanak egingo dira ekipamendurako partzelan eta industrialdeko hesia ezkutatu egingo da palaxuarekin. Horrela errotondatik industrialderantz geldituko den irudia berdegune batena izango da. 

Lan hauek osatzeko, aurreko hilabetetik, apiriletik, La Tejerako glorietatik Astepera doan galtzada hobetzen ari da, inguruan hainbat jarduera burutuz, tartean La Tejeratik Astepera doan hormigoizko mural bat.  Hobekuntza lan hauen ondorioz, 100.000 €-ko inbertsio bat egingo da. Lanak ekainaren erdialdera amaituko dira eta ondokoak dituzte barne: apurtuta dauden baldosak konpondu eta La Tejeratik Astepera doan espaloian urak batu, asfaltatuta dagoen gunean zuloak konpondu, parkean urak batzea hobetu, autobus geralekuaren ikusgaitasuna hobetzeko baranda aldatu, zebra-bide berria eta bionda, hiri altzariak margotu eta bernizatu eta luminaria berriak jarri argiteria publikoa hobetzeko eta zutabeak margotu.