Amorebieta-Etxanoko jaietan bide erdia eginda dagoen honetan, La Pegatina eta Bad Sound System taldeak gozagarri

2014/07/22
• Gustu eta edade guztietakoentzako hainbat ekintzak hornituta dago jai-egitaraua. Bide erdia eginda dago Amorebieta-Etxanoko Karmengo jaietan, eta La Pegatina eta Bad Sound System taldeak dira hurrengo egunetako protagonistak.

Amorebieta-Etxano, 2014ko uztailaren 22a. Bide erdia eginda dago Amorebieta-Etxanoko Karmengo jaietan, eta  La Pegatina eta Bad Sound System taldeak dira hurrengo egunetako protagonistak. Horiezaz gain, koadrilen piragua jaitsiera eta baserriko produktuen azoka ere izango dira, beste hainbeste kultura, kirol eta aisialdi jarduera askoren artean.

Uztailaren 15ean bota zuten txupina Zornotzan, eta hilaren 27ra arte iraungo dute ospakizunez ospakizun.   Jaiak hasi zirenetik astebete igaro den honetan, murgilduta jarraitzen dute zornotzarrek Udalak udalerriko talde eta elkarteen lankidetzarekin antolatutako egitarauan.

Musikari dagokionez, azpimarratzekoak dira Los Tenores de Neonelik eta 7 sois mythos orquestak (uztailaren 23an, 22:00etan) -Sete Sois Sete Luas jaialdiaren barruan- eskainiko dituzten emanaldiak eta La Pegatina (uztailaren 24an, 22:00etan) taldearena, hilaren 25ean, gaueko 22:00etan izango den Disko Festa, Trío Medianocheren ekitaldia (uztailaren 26an gauerdian) eta Banda Crebinskyrena (uztailaren 27an, 22:00etan). Bad Sound Systemekoen egitekoa izango da jaiei alor honetan amaiera ematea, hilaren 27an, txosnetan (22:00etan) eskainiko duten kontzertuaz.

Aipatzekoak dira, halaber, igande goizean, uztailak 27, trikitilariek ospatuko duten topaketa, eta kaleko musika-emanaldiak: Lokomotores izango dira uztailaren 27an Harrison, Luis Urrengoetxea, Euskal Herria Plaza eta Kalbario inguruetan gaueko 21:00etan hasita, eta Ladinamo bandakoak, bestalde, egun eta ordu berberetan Andra Mari plazan eta Zezilia Gallartzagoitia kalean barrena. 

Beste alde batetik, gazteentzako eszena arteen proposamenak dakartzan “Zu Zeu artista!!!” ekimenaren bosgarren edizioa burutuko da hilaren 25ean gaueko 21:30ean Zubiondo plazan. Txikienentzako gozagarri, berriz, umeei zuzenduta dagoen ‘Sardine Freskue’ antzezlana taularatuko dute Eidabekoek uztailaren 26an, arratsaldeko 19:00etan Zelaieta parkean, eta tradizionala den umeen danborrada (24an, 19:00etan), besteak beste.

Koadrilentzako jarduerak

Kultura programazioa ez ezik, kirol jarduerena ere anitza da eta, horrela,  Sociedad Deportiva Amorebieta futbol taldearen aurkezpena eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren IV. trofeoa izango dira izango da hurrengo egunotan  (hilaren 25ean, arratsaldeko 18:30ean Urritxeko futbola zelaian).

Koadrilak izango ditu protagonista dagoeneko tradizio bilakatuta dagoen Ibaizabaleko piraguen jaitsierak. Uztailaren 23an izango da, arratsaldeko 18:30ean, eta lagun taldeak izango dira, era berean, protagonista, jaietako azken egunean, hilak 27, arratsaldeko 19:30ean hasita izango den Mozorro Lehiaketaren XV. desfilean.