Kultura eta Kirol Sailak familian burutzeko haurrentzako ekimen egitarau zabala aurkeztu du martxorako

2021/03/01
Jarduera hauetan izena emateko epea gaur, astelehenean, zabalduko da eta martxoaren 5ean, ostiralean, amaituko da. Izen-emateak Zelaieta Zentroko Gazte Informazio Bulegoan egin beharko dira, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 20:00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 11:00etatik 13:00etara.

Amorebieta-Etxano, 2021eko martxoaren 1ean, astelehena. Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura eta Kirol Sailak familian burutzeko haurrentzako ekimen egitarau zabala aurkeztu du martxorako. Jarduera hauetan parte hartzeko izena emateko epea gaur, astelehenean, irekiko da eta datorren ostiralean, martxoak 5ean, amaituko da. Izen-emateak Zelaieta Zentroko Gazte Informazio Bulegoan egin beharko dira, astelehenetik ostiralera 17: 00etatik 20: 00etara eta astearte, asteazken eta ostegunetan 11: 00etatik 13: 00etara.

Lehenengo ekimena martxoaren 13an, larunbatean, egingo da, 10 urte arteko haurrei zuzendutako Erdu Olgetan haur aisialdiko programaren barruan. "Fort Bravo" izenburupean, amerikar westernei erreferentzia argia eginez, oraingoan Estatu Batuetako mendebaldean oinarrituko dira. Ekitaldiak bi txanda izango ditu, lehena 16: 00etan eta bigarrena 17: 30ean.

Martxoaren 20an, larunbatean, eta Ludoteka Familian ekimenaren barruan, Marijo de la Hoz (Marieta Soul) "Gauzak sortuz" eskulanen tailerra dinamizatzeaz arduratuko da. Familian kalitatezko denbora pasatzeko modu bikaina, polita, entretenigarria eta oso dibertigarria den zerbait eginez.

"Letrix, letren harietatik jolasean" izenburupean, martxoaren 27an, larunbatean, Zornotzako Liburutegiak familian parte hartzeko bi literatur tailer antolatuko ditu. Mireia Delgadok zuzenduta, tailerrek familian egindako bidaia bat proposatuko dute idazketaren mundu zabalean zehar, balore eta tresna literarioak gure eguneroko bizitzako hainbat alderditara eramanez, jolasaren bitartez.

Lehenengo tailerra 2017 eta 2018 urteetan jaiotako haurrentzat izango da eta bigarrena 2016 eta 2015 urteetan jaiotako haurrentzat. Txikienen kasuan, ahozkotasuna landuko da liburu, abesti eta jolasen bidez. Aldiz, haurrekin egiten den lana liburuetan oinarrituta egongo da. Azpimarratu behar da parte hartzen duten familiek bibliografia erabilgarria izango dutela eskuragarri eta tailerrean zehar landutako aho-korapiloak eta abestiak etxera eraman ahal izango direla jolasari jarraipena emateko. Gainera, eskulan txiki bat ere egingo da.

Aste Santuko ludoteka berezia eta “Harria Margotuta”

Robotika izango da aurtengo Aste Santuko ludoteka bereziaren gai nagusia. Oraingoan, bi programa desberdin antolatu dira: bata, 2017 eta 2015 artean jaiotako haurrentzat eta bestea, 2014 eta 2011 artean jaiotakoentzat. Programa hauek bi txandatan antolatuko dira: lehenengoa martxoaren 29tik 31ra egingo da eta bigarrena, apirilaren 6tik 9ra, txanda bakarrean izena eman ahal izango delarik. Txikienentzako jarduerak ludotekan egingo dira, 11: 00etatik 13: 00etara eta helduagoentzat, berriz, 10: 00etatik 13: 00etara Zelaieta Zentroko geletan.

Azkenik, martxoaren 27an, larunbatean, "Harria Margotuta" tailerra antolatuko da, David Rodriguez zornotzarrak sustatutako izen bereko ekimenarekin eta Mikel Berrojalbizen laguntzarekin. Tailer honetan, parte hartzen duten familiek harriak margotzeko teknika lantzeko aukera izango dute, David Rodriguezen eskutik Euskadin hasi zen joko arrakastatsu eta dibertigarri honetan parte hartuz. David Rodriguezek Extremadura aldetik ekarri zuen ideia hau, Amorebieta-Etxanon martxan jarriz. Jokoa dinamika erraz eta dibertigarri batean oinarritzen da; harri bat aukeratu eta berau margoztu ostean, herriko parke batean uzten da eta ondoren, beste pertsona batek aurkitu eta berriro ezkutatu beharko du.