Konbenio kaleko Ikasgelak ateak zabalduko ditu berriz ere, ostiraletik aurrera

2021/10/21
• Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz itxita egon da ikasgela. • Ikasgelan, gehienez, 21 pertsona egon daitezke; bakarkako lanak egiteko erabili ahal izango da, eta ez taldekoak.

Ikasgelako ateak zabalik izango dira, berriz ere, ostiraletik aurrera. Covid 19ak eragindako pandemiaren ondorioz itxita egon ostean, Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du urriaren 22tik aurrera zabalik izango dela Konbenio Kaleko 10. zenbakian dagoen Ikasgela. Pandemia aurretik zuen ordutegi bera izango du: astelehenetik igandera, goizeko 08:00etatik gauerdiko 00:00ak arte.

 Txartela pasa beharko da irakurgailutik, sartu-irtena egiteko

Udaletik gogorarazi dute, gehienez, 21 pertsona egon daitezkeela Ikasgelan, hau da, bat  lanpostu bakoitzeko; eta bakarkako lanak egiteko bakarrik erabili ahal izango dela, eta ez taldekakoak. Pertsona kopurua uneoro jakin ahal izateko, sartu-irtena egiterako orduan erabiltzaile bakoitzak bere txartela pasa beharko du. Era berean, Ikasgela 18 urtetik gorako pertsonek erabili ahal izango dute, edota urte honetan 18 urteak betetzen dituztenek.

 Herrian sortzen diren beharrei erantzuteko Ikasgela

Udalak 2019an berritu zuen Konbenio kaleko Ikasgela, herrian sortu daitezkeen beharrei erantzuna emateko helburuarekin. Ikasgelak 21 lagunentzako lekua du, eta lanpostu bakoitzak argi propioa, entxufea eta USB hargunea ditu. Era berean, lokalean egokitutako bi komun eta biltegi bat daude.