Kalathras, arrakasta handiko otaku youtuberra, eta Japoniako turismo-bulegoko managerra Mangamoreko gonbidatu nagusiak izango dira

2017/09/28
• Japoniako kulturari eta manganime delakoari buruzko jaialdiaren hamaikagarren edizioa urriaren 6tik 8ra ospatuko da, Amorebieta - Etxanon • Hainbat hitzordu programatu dira dagoeneko, besteak beste Areatzako Bandak anime abestien bertsioak joko ditu bertan eskainiko duen kontzertuan eta Lolita moda-desfilea egingo da, Tamara Ferrero diseinatzailearen eskutik. • Bertaratutakoek Japonian inspiratutako pintxoak dastatu ahal izango dituzte Luis Urrengoetxea etorbidearen inguruan

Amorebieta-Etxanon, 2017ko irailaren 28an Japoniako kultura eta mangako zaleak berriz ere bilduko dira urriaren 6an eta 8an, Amorebieta-Etxanon. Mangamore jaialdiaren hamaikagarren edizioaren barruan ehun jarduera baino gehiago programatu dira: tailerrak, musika-emanaldiak, txapelketak, bideo-jokoak, haur-jarduerak, etab.

Edizio berriaren erakargarri ugarien artean, Kalathras-en bisita nabarmendu beharra dago; izan ere, Japoniako pop kulturan jarraitzaile gehien dituen youtuberretako bat da. Zaleek bera entzuteko aukera izango dute larunbatean, 11:30ean, Zelaieta zentroan, emango duen hitzaldian. Igandean, 12:30ean, toki horretan bertan egongo da Japoniako Turismoaren Nazio Erakundeko manager den Hajime Kishi.

Musikak toki garrantzitsua izango du Mangamoren. Horren erakusgarri da jaialdiaren lehen egunean Areatzako Bandak eskainiko duen kontzertua; Japoniako telesail ezagunenen abestien bertsioak egingo dituzte musikariek, Zelaieta zentroko pilotalekuan. Horrez gain, bertaratutakoek beste zenbait kontzertutara joateko aukera izango dute, besteak beste Nyorobotics japoniarrek zein Panicrew feat Lunak joko baitute.

Urtero bezala, Japoniako moda eta manga presente egongo dira Zornotzako jaialdi osoan zehar. Halaber, edizio honetan Tamara Ferrero diseinatzaileak beren-beregi jaialdirako sortutako moda-desfile bat egongo da, baita jaialdiak iraun bitartean ikusgai egongo den ehun-erakusketa ere.

Aisialdi elektronikoari dagokionez, Mangamoreko bisitariak 80ko eta 90ko hamarkadako bideo-jokoetan aritu ahalko dira retro itxurako jolas-gela batean; bertan, gurasoek aukera izango dute gaztetako jokoetan aritzeko beren seme-alabekin batera.

Ezaugarri horiek dituen ekitaldi batean derrigorrean egon behar direlako, larunbatean Pokemon bezalako jokoak eskainiko dira. Cosplay txapelketa tradizionalak eta Shogi zein Yu Gi Oh jolasak (kartak) egongo dira ere bai.

Etxeko txikiek Japoniako jolas tradizionaletan aritu ahalko dira horretarako prestatutako ludotekan, betiere heldu batekin badoaz. Horrez gain, Ureshi izena duen jaialdiko maskotarekin atera ahalko dute argazkia photocall-ean; jarduera horrek arrakasta handia izan ohi du urtero gaztetxoen artean. Hirugarren urtez jarraian, Humor Amarillo txapelketako gunea jarriko da; Japoniako programa ospetsuan agertzen diren antzeko probekin, bai ikusleek, bai parte-hartzaileek ondo pasa dezaten.

Larunbatean, berriz, tren bat ibiliko da herri osotik, eta Larreara eramango ditu bisitariak; izan ere, Quidditch txapelketa bat egingo da Larreako futbol-zelaian. Amorebieta-Etxanoko Ukabidea klubari esker, zenbait kirol egongo dira Mangamoren, hala nola karatea.

Larunbatean, Your Name filma jarriko da Zornotza Aretoan eta Cine Made in Asia blogeko Jonny Blancok aurkeztuko du. Era berean, Hotaru antzerkia eskainiko da, Scena13 taldearen eskutik.

Egun horretan bertan, txikientzako mozorro-lehiaketa bat egingo da Ogenbarrenan, eta gauez Yui Kanan DJa arituko da Zelaieta parkean.

Gastronomia japoniarrak amaiera emango dio programazioari, sushi eta Japonian inspiratutako pintxoak dastatu ahalko baitira udalerriko zenbait tabernatan, Luis Urrengoetxea etorbidearen inguruan.

Programazio guztia eskuragarri egongo da egitarau honetan eta www.mangamore.net webgunean.