Jon Mikel Euba idazleak ‘Vulnerario’ liburua aurkeztuko du, errealitateari aurre egiteko tresna gisa

2021/12/03
• Obra, hasiera batean Eubarentzat berarentzat erremedio gisa pentsatua izan bada ere, publiko guztiarentzat atsegina izan daitekeen eskuliburu bihurtu da. • Liburuan aurki ditzakegu idazketari buruzko oharrak, ohar autobiografikoak, elkarrizketak eta kasuak, irakurketak eta erreferentziak.

Jon Mikel Euba (Amorebieta-Etxano, 1967) idazleak ‘Vulnerario’ liburua aurkeztu du gaur, abenduaren 3an, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Auditorioan. Euba Amorebieta-Etxanok duen nazioarteko artistarik ospetsuenetakoa da, eta bere aurkezpen ekitaldiak herritarren arreta bereganatu du.

 

Azken lan hau artistarentzako erremedio gisa sortua izan bada ere, publiko guztiarentzako eskuliburu atsegina bihurtu da: erremedio gisa aurkeztu du, errealitateari aurre egiteko tresna gisa. ‘Vulnerario’n aurki ditzakegu idazketari buruzko oharrak, ohar autobiografikoak, elkarrizketak eta kasuak, irakurketak eta erreferentziak (Ferlosio, Rousseau, Tsvietáieva, Barthes, Natalia Ginzburg, Foucault, Oteiza, Hitchcock, Godard, Murnau eta Pasolini, besteak beste). Bere praktika artistikoan bezala, Eubak paper aktiboa eskatzen dio irakurleari, eta itxuraz garrantzirik ez duten eszenak aurkezten dizkio, egunerokoa suspense eta, batez ere, analisi elementu bihurtzen dutenak.

Nazioartean izen handia duen artista
Eubaren lanari erreparatuz gero, azken urteetan performazioa eta didaktika uztartzen dituzten proiektuetan murgildu dela ikus dezakegu. Bere lanak erakusketa maila zabala izan du, eta bilduma eta erakunde artistiko ezberdinen parte da, nazio mailan zein nazioartean. 2010ean, beste artista batzuekin batera, Lehen Proforma proiektu pedagogiko esperimentala sortu zuen MUSACen eta Kalostra eskolan, Donostian, 2015ean. 2014 eta 2017 artean Action Unites, Words Divide (On praxis, an unstated theory) masterra zuzendu zuen Dutch Art Instituten. Master horren saioak Writing Out Loud liburuan aurki daitezke.

 ‘Vulnerario´ obraren pasarte bat
‘Vulnerario’ lanean aurkitu dezakegun pasarteetako bat: «Txikitan, mendian ibiltzeko bideak irekitzeko erabiltzen zen sistema kontatu zidaten: pisu handiko asto bat kargatu eta tontorrerantz askatu. Astoa, energia maisuki aurrezten duen animalia, sigi-sagan igotzen zen beti, ahalik eta bide horizontalenak deskribatuz. Trazatutako pista ekuazio baten emaitza zen. Ekuazio horretan oztopo bat (hegala), helburu bat (malda salbatu), tresna bat (astoa), sari bat (azenario bat) eta elementu gehigarri bat (zama) zeuden. Prozesu artistikoan, antzeko modu batean, forma bat sortzeko, artistak intuizio bakarra du, material asko (errealak, idealak eta bizikoak) dituen egitura bat ahalik eta gehien gainkargatzea gomendatzen diona. Ekintza honen espezifikoena da (1) artistak berak bere gain hartzen dituela paper guztiak, astoa, mendi-hegala, karga, pista eta azenarioa dela, eta (2) edozein formak -berez- ez duela zentzu bat lortzen ziurtatzen. `Vulnerario´, zentzu hori lortzeko ibilbidearen irudikapen bezala ikus daiteke».