Jarduera ezberdinak izango dira ostegunean, Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen baitan

2022/09/21
Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatutako jarduerak irailaren 22an, osteguna, izango dira, 17:00etatik 20:00etara, Zelaieta parkean eta Gudari kalean.

Amorebieta-Etxanoko Udalak mugikortasun iraunkorraren inguruan herritarrak kontzientziatzearen eta sentsibilizatzearen aldeko apustua egin du beste behin ere, eta Zelaieta parkean eta Gudari kalean hainbat jarduera antolatu ditu. Irailaren 16tik 22ra izaten ari den Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen baitan dago kokatua programa hori. Hala, Udalak egun bat seinalatu du egutegian: irailaren 22a, osteguna.

Egitaraua arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da. Hiru ordu horietan, Zelaieta parkera hurbiltzen diren herritarrek karpa informatibo bat aurkituko dute, non ABP (Amorebieta  Bizikletaz 2022) planari buruzko informazioa jasoko duten; gainera, bizikletarekin hurbiltzen diren pertsonek erronka batean parte hartzeko aukera izango dute eta bide batez, garraio horretan erabiltzeko opari bat lortu. Aldi berean, bizikleta trebetasunak ikasteko eta segurtasunez mugitzeko oztopo ginkana bat egongo da. Era berean, aurten ere ez da bide-hezkuntzako zirkuiturik faltako, zirkulazioko oinarrizko arauak ikasteko. Azken bi jarduera horietarako bizikleta eta kaskoa eraman beharko dira. Halaber, bertaratzen diren zornotzarrek Partybikean parte hartu ahal izango dute eta bizikleta bati pedalei eraginez gozatu ahal izango dute, beste 5 lagunekin batera eta gidari baten laguntzarekin.

Aipatutako jarduerez gain, 17: 30etan ipuin kontalari bat egongo da haurrentzat. SOS Ama Lurra izenburupean, txikiek Albokaren historia ikasiko dute.

Bizikletaren aldeko apustua, garraiobide gisa
‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022’ planaren obrak joan den apirilean hasi ziren. Amorebieta-Etxanoko Udalaren mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu argi honen helburua da, bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzea eta indartzea, udalerrian bizikleta bideen presentzia handituz eta bide segurtasuna hobetuz. Hirigintzako zinegotzia den Anartz Gandiagak dioen bezala, ‘Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022’ planari esker, bizikleta erabiltzeko leku eroso eta segurua izango da herria: “planari esker, zornotzarrek bizikleta erabili ahal izango dute ohiko garraiobide gisa, lanera, ikastetxera, institutura, polikiroldegira… joateko. Eta era berean, kutsadura gutxiago duen eta osasungarriagoa den Amorebieta-Etxano bat izango dugu».