“Zornotzan JAN ALAI” Pintxoen Ibilbidearen bigarren edizioa antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2010/09/07
• Ekainaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean izango da Amorebieta-Etxanon gastronomia ekimen hau burutzen deneko bigarren edizioa: “Zornotzan JAN ALAI 2013” • Joan den urtean antolatu zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak “Zornotzan JAN ALAI” Pintxoen Ibilbidearen lehenengo edizioa, ostalari zornotzarren lana azpimarratu nahian eta udalerriko ostalaritza sektorea sustatzeko eta dinamizatzeko xedearekin. • Partaidetzaren aldetik, arrakasta aparta izan zuen lehenengo edizioak, eta 3.000 lagunetik gora ibili ziren pìntxoen ibilbidean barrena. • Udalerriko tabernek eta jatetxeek maiatzaren 10era bitartean eman dezakete izena, eguerdiko 14:00ak bitartean, “Amorebieta-Etxanoko Pintxoen 2. ibilbidea” ekimenean parte hartu nahi izanez gero.

Amorebieta-Etxano, 2013ko apirilaren 25a. Joan den urtean antolatu zuen Amorebieta-Etxanoko Udalak “Zornotzan JAN ALAI” Pintxoen Ibilbidearen  lehenengo edizioa, ostalari zornotzarren lana azpimarratu nahian eta udalerriko ostalaritza sektorea sustatzeko eta dinamizatzeko xedearekin.

Partaidetzaren aldeko arrakasta aparta izan zuen lehenengo edizioak, eta 3.000 lagunetik gora ibili ziren pìntxoen ibilbidean barrena. 15.000 baino gehiago jan zituzten, eta herri bozketan irabazle izan zirenak, honako hauek: El Cojo Jatetxea, pintxorik onenaren sariaren irabazle. Urtza Taberna, zerbitzari profesionalena daukana. Era berean pintxo berritzaileenarentzako saria Gu Geu Jatetxera  joan zen.

Ekainaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean izango da aurten, Amorebieta-Etxanon, ekimen gastronomiko honen bigarren edizioa.

Epaimahai profesionala eta herri-epaimahaia.

Iaz bezala, ekimen original hau gauzatu bitartean, lehiaketarako pintxoa aurkeztu beharko dute ibilbidean parte hartzeko izena ematen duten Amorebieta-Etxanoko tabernek eta jatetxeek.

Egiteko honetarako izendatzen den epaimahaikideek –nortzuk diren isilpean mantenduko da- establezimendu parte hartzaile guztietara joan beharko dute, eta pintxorik berritzaileena zein den jakinaraziko dute amaieran. Saria: 500 euro dirutan, plaka eta txapela.

Gainerakoetan, nahi duten guztiek har dezakete parte herri-pintxorik onena eta zerbitzaririk profesionalena hautatzen. Herri-txapelketan parte hartu nahi dutenek kartila bat jasoko dute lehiaketara atxikitako tabernetako edozeinetan. Udalerria 6 esparrutan banaturik egongo da, eta esparru bakoitzeko bi pintxo jan behar dira gutxienez, nork bere pintxo-ibilbidea gauzaturik horrela.

Esparru bakoitzeko pintxo biak dastatu ondoren, txartelean apuntatuko ditu kontsumitzaile bakoitzak onen iruditu zaizkion hiru pintxoak, ordenan, eta zerbitzari profesionalenaren izena.

Honela zenbatuko dira txartelak:
1. SARIA...3 puntu
2.SARIA....2 puntu
3.SARIA....puntu 1

Establezimendu bakoitzak guztira lortutako puntuen batuketa egin eta, horren arabera, “Zornotzan JAN ALAI” lehiaketaren Herri Pintxorik Onena aukeratuko da (500 euroko saria), Zerbitzaririk Profesionalena izendatuko, eta udalerriko Pintxoen Top Ten delakoa sortuko.

Izena nola eman Izena emateko orriak eta lehiaketaren oinarriak jasotzeko, udaletxera joan daitezke interesdunak edo helbide honetara mezu bat bidalita: zornotzanjanalai@yahoo.es

Izena emateko epea maiatzaren 10ean amaituko da, eguerdiko 14:00etan.

Prezio herrikoiak eta hiritarren partaidetza

Herritarren partaidetza ezinbestekoa izango da, beste behin ere, ekimena arrakastatsua izango bada. Gutxienez 12 pintxo (2 esparru bakoitzeko) jaten dituzten pertsonek 500 euroko sariaren zozketan sartzeko aukera izango dute.

Jendearen partaidetza da, izan ere, lehiaketaren mamia, eta espero da Amorebieta-Etxanoko auzo guztietako tabernetan bezero mugimendu bizia izatea ekimenari esker, milaka lagun ibilirik pintxoak dastatzen herrian zehar, horixe izango baita parte hartzen duten establezimendu guztientzako benetako saria.

Lehiaketara aurkezten den pintxoaren prezioa euro batekoa izango da.