Amorebieta-Etxanoko jaietako kontzertuen artean egongo dira Amparanoia, Esne Beltza, Nogen, Willis Drummond, Kaotiko, Ira edo Dvicio, beste batzuen artean

2019/05/28
• Eskaintza zabala programatu da, publiko guztientzat. • Uztailaren 15etik 27ra ospatuko diren jaietako protagonistak izango dira kontzertuak, beste batzuen artean.

Amorebieta-Etxano, 2019ko maiatzaren 28a. Amorebieta-Etxanoko Udalak konfirmatuta ditu uztailaren 15etik 27ra ospatuko diren herriko jaietan egongo diren kontzertuak.

Onintze artista zornotzarrarekin hasiera emango zaie jaiei uztailaren 15ean. Punto de partida izeneko lan berria du, A la luz de la luna single arrakastatsuaren ondoren. Azken honen bideoklipa Islandian grabatu zen. Uztailaren 16an Gozategi taldearen txanda izango da, Euskal Herriko plaza eta herrietan ibilbide luzea duen taldea.

Uztailaren 19an Amparanoia ikusi ahal izango da. Aurten berriro agertokietara bueltatu den talde honek geldiune bat egingo du bere biran Amorebieta-Etxanon abesteko. Oihan Vega DJa ere egun berean izango da. Uztailaren 20an Ira entzun ahal izango da. Vallecasekoa da rapa egiten duen neska talde hau eta beraiekin egongo dira Proyect Show DJak. Egun berean Orquesta Londonen esku egongo da camp dantzaldia.

Uztailaren 21ean swinga eta musika elektronikoa nahastuko ditu Swingtronics musika taldeak eta uztailaren 22an Julio Anita Parkerrek swingetik hurbil dauden soinuak eskainiko dizkigu baita ere. Uztailaren 23an Huntza taldea eta bere folk-rock musika izango dira protagonista.

Uztailaren 24an Benito Lertxundi euskal kantautoreak eskainiko du kontzertua. Egun berean arituko dira Nogen eta Esne Beltza. Gainera, Trikiziok dantzan jarriko ditu hurbiltzen diren guztiak. Biharamunean erromeria egongo da Zirkinik ez taldearen eskutik.

Serafin Zubirik En Esenzia orkestrarekin errezital bat eskainiko du uztailaren 26an eta jendea dantzatzera animatuko dute. Egun berean, rocka izango da entzungai Kaotiko eta Baionatik datozen Willis Drummond taldeekin.

Jaiei amaiera emateko, uztailaren 27an, Madrilgo Dvicio taldeak, nazioarteko arrakasta lortu duen taldeak hain zuzen ere, zornotzar guztientzako kontzertua eskainiko du.