Amorebieta-Etxanoko jaietako kartelak emakumeak omenduko ditu

2018/06/28
• Kartelaren irudi nagusiaren protagonista emakume baten figura izango da. • Helburua emakumeak balioztatzea eta jaien antolakuntzan duten presentzia azpimarratzea da. • Pintzelak elkartea izan da 2018ko Karmen jaietako kartela egitearen arduraduna.

Amorebieta-Etxanon, 2018ko ekainaren 28an. Amorebieta-Etxanoko Udalak emakumearen egitekoa balioztatu gura izan du 2018ko Karmen jaien ospakizunean. Horretarako, Kartelaren irudi nagusiaren protagonista emakume baten figura izango da. Aukeratutako koloreek, urdinak eta lilak, ere emakumeak eta jaiak irudikatzeko helburua dute.

Helburua emakumeak balioztatzea eta jaien antolakuntzan duten presentzia azpimarratzea da. Jaiak errespetuan, berdintasunean eta tolerantzian oinarrituta egotea gura du Udalak. Horretarako, Zornotzako Udalak “Ez beti da ez” goiburua azpimarratu gura du, eta erasorik gabeko eta errespetuan eta berdintasunean oinarritutako Karmen jaien aldeko apustua egiten du.

Aurten, Pintzelak Elkarteak egin du kartela. Jai batzordeak kartelaren sorkuntza partaidetzan oinarritzea erabaki zuen eta, horretarako, arte plastikoekin erlazionatutako herriko talde bati agindu zion berau egitea. Pintzelak Elkartea herritar guztientzat zabalik dagoen taldea da, eta bere helburua pinturarekin erlazionatutako alderdi guztiak lantzea eta garatzea da.