Izaskun Alonso, Jorge Rubio eta Mikel Garateren lanak ‘Bosteko 2022’ erakusketa ibiltarian izango dira ikusgai, Zelaieta Zentroan

2022/11/21
• ‘Habitar - Bizi’ izeneko erakusketak pentsamendu artistikoa gerturatu nahi dio publikoari, pinturaren, eskulturaren eta marrazkiaren bidez. Azaroaren 21etik abenduaren 12ra egongo da ikusgai. • Erakusketaz gain, Zelaietan bisita gidatuak ere izango dira bi hizkuntzatan eta Jorge Rubio artistarekin hizketaldia izango da ‘Gizatasunaren aterpeak’ izenburupean.

"Bosteko 2022" erakusketa ibiltaria Zelaieta Zentroan egongo da ikusgai azaroaren 21etik abenduaren 12ra. Erakusketa bost udaletxetako bost erakusketa-aretok koordinatzen dute; horrela, Amorebieta-Etxanoko Udalarekin batera, Arrigorriaga, Basauri, Getxo eta Leioakoek hartzen dute parte. Halaber, aipatu behar da erakusketa Udal bakoitzeko kultura-arduradunek egiten duten lanari eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzari esker ere antolatzen dela. Bosteko erakusketa ibiltaria da, eta hogeita bosgarren urtez antolatu da, 1998tik, arte garaikidea Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietara hurbiltzeko aukera emanez.

Ekimen honen helburu nagusia da Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerrietan aitortza duten euskal artista plastikoen lana zabaltzea eta ezagutzera ematea. Horrela, artea publiko orokorrarentzat eskuragarri jartzea du helburu ekimenak, garrantzi berezia duten praktika artistiko garaikideak ikusaraziz.

‘Habitar – Bizi’: pentsamendu artistikoa publikoari gerturatzeko modua
Aurtengo erakusketak, ‘Habitar – Bizi’ izenekoak, pentsamendu artistikoa jendeari hurbiltzea du helburu, pinturaren, eskulturaren eta marrazkiaren bidez. Ekarpen kulturalaz gain, hezkuntzan sakondu nahi du, galderak sortzen baititu eta bi ideiaren inguruan elkarrizketa ireki eta kolektiborako gune bat proposatzen baitu: artea eta bizitzea.

Diziplina anitzeko erakusketa horren komisarioa Amparo Lozano Sancha (Logroño, 1989) eta Julen Araluce Hernando (Bilbo, 1984) izan ziren. Biak dira artista eta irakasle EHUko Arte Ederretako fakultatean. Parte hartuko duten artistak Izaskun Alonso Saratxaga, Jorge Rubio Pinedo eta Mikel Garante Aracama izango dira.

Pertsonen eta gauzen arteko topaketa
Erakusketari berari dagokionez, ‘Habitar – Bizi’ izenak espazioaren eta pertsonen arteko topaketatik sortutako esperientzia bilatzen du (giza praktikak). Gogora ekarri dute, askotan, arkitektura dela gure existentzia antolatu eta definitzen duten espazio horien tresna. Praktika artistikoek, bestalde, leku horien esanahia aldatzen duten eragileen funtzioa bete dezakete, esperientzia berriak sortuz.

Horrela, Izaskun Alonso Saratxaga artistak hiru ikuspegitatik jorratzen du pintura: lientzoan gertatzen dena, birtualean sortzen dena eta espazioan sortzen dena. Hiru jarrera horiek definitzen dute haien giza jarduna, eta, horren ondorioz, esku hartutako, margotutako edo irudikatutako espazioa ez da horrelakoa izango, eta paisaia bihurtuko da.

Bestalde, Mikel Garate Aracamak argazki-irudiak oroimenean uzten duen arrastotik lantzen ditu paisaiak. Leku eta garai desberdinak agertzen dira han gertatzen dena behatzen duenaren aurrean, onirikoaren eta oroitzapenaren arteko fenomeno bat.

Eta, azkenik, Jorge Rubio Pinedok ohartarazi nahi du giza babeslekuak sortu behar direla, pertsonak babestu eta hazi ahal izateko. Askotan, lanaren eta behatzen duenaren arteko komunikazioa errazten duten elementu narratibo ezagunak erabiltzen ditu.

Hiru artista horien lanekin, Bosteko edizio berriak artearen eta espazio arkitektonikoaren arteko bizikidetzatik sortzen diren hausnarketak hartu nahi ditu, praktika artistiko garaikidean bizitzeari buruzko askotariko iruditeria emanez. Izaskun Alonso Saratxagak, Mikel Garate Aracamak eta Jorge Rubio Pinedok habitatzeari buruz planteatzen duten begirada ugaritasunak bat egiten du erakusketa honetan, arkitektura ikuspegi berrietatik ikusteko gonbidapena.

Bisita gidatuak
Era berean, erakusketa modu sakonagoan ezagutu nahi dutenentzat, Amorebieta-Etxanoko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu. Azaroaren 23an izango dira, 18:00etan euskaraz eta 19:00etan gaztelaniaz.

Hizketaldiak
Bestalde, Jorge Rubio Pinedo artistak "Gizatasunaren aterpeak" izeneko solasaldia eskainiko du. Abenduaren 2an izango da, 19:00etan, Zelaietako Auditorioan.