Ixerren txandakakoa eta dohainik izango den parking berria zabaldu du Amorebieta-Etxanoko Udalak

2014/10/09
• Astelehenetik ostiralera bitartean, goizeko zazpietatik gaueko hamarretara aparkatu ahalko dira ibilgailuak bertan. Larunbatetan, berriz, arratsaldeko hirurak arte. • Udalerriko tokiko komertzioaren aldeko neurrietako bat da aparkaleku berria egokitu izana. • Beste aparkaleku batzuk irekiko dira luze gabe Nafarroa zentroan eta Betarraganen eta, guztira, aparkatzeko 213 leku berri izango dira hirigunean.

Amorebieta-Etxano, 2014ko urriaren 09a. Ixerreko parkingaren irekieraz, aparkatzeko 146 leku gehiago daude gaurtik aurrera Amorebieta-Etxanon. Udalerrian aparkatzeko guneak areagotzeko apustuaren elementuetako bat da txandakakoa eta musu-truk den  parking hau.

Astelehenetik ostiralera, goizeko zazpietatik gaueko hamarretara bitartean aparkatu ahalko dira ibilgailuak bertan, hiru orduz gehien jota. Larunbatetan, berriz, arratsaldeko hirurak arte, igandeetan  merkatua izaten delako toki horretan. Astelehenetik ostiralera bitartean gauez ere utz daitezke autoak bertan eta ez zaie zigorrik jarriko, baina ezarritako ordutegitik ate ezingo dira aparkalekutik atera. Txandaketa bermatze aldera, parkingetik irten ondoren beste bi ordu pasa beharko dira gutxienez atzera sartu aurretik.

Udalerriko tokiko komertzioaren aldeko neurrietako bat da aparkaleku berria egokitu izana eta ezaugarri berberak dituen beste parking bat zabalduko da Nafarroa zentroan.

Hurrengo asteetan jarriko da martxan Nafarroa zentroko aparkaleku berria. Goizeko zazpietatik gaueko hamarretara bitartean egongo da zabalik, astelehenetik igandera, eta aparkatzeko 25 leku izango ditu. Kokagune honetan ezingo da gaueko hamarretatik goizeko zazpietara ibilgailurik utzi, zentroan inolako jarduerarik ez dagoenez, segurtasun neurri gisa itxita egongo delako.

Hirigunearen erdi-erdian 213 aparkaleku berri sortuko dira guztira, udalerriko komertzioetan kontsumoa sustatu eta finkatzeko xedez. Betarraganen ere beste aparkaleku bat zabalduko da datorren urtearen hasierarako. Era tradizionalean funtzionatuko du hirugarren aparkaleku honek, debaldekoa izango da eta 42 leku izango ditu.