Ixer kaleko asfaltatze lanak aste honetan bertan amaituko dira

2021/02/08
Helburua oinezkoei lehentasuna ematea, espaloiak zabaltzea, oztopo arkitektonikoak kentzea, berdeguneak sortzea eta hiri-elementuak hobetzea da. Dena normaltasunez igarotzen bada, otsailean amaituko da erdiguneko kale honen berrurbanizazioa.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 8an, astelehena. Ixer kaleko berrurbanizazio lanak erritmo onean doaz eta asfaltatze lanak aste honetan bertan bukatzea espero da, baldintza klimatologikoek ahalbidetzen badute. Hori dela eta, otsailaren 8tik (astelehena) otsailaren 12ra (ostirala) arte, 5, 7, 9, 9 bis eta 11 atarien inguruko ibilgailuen trafikoa eten egingo da, baita inguruko garajeen sarrera eta irteera ere.

Erdiguneko kale honen berrurbanizazioak 6.300 metro karratuko azalera bati eragingo dio eta 1.300.000 eurotik gorako aurrekontua izango du. Horrela, dena normaltasunez garatzen bada, lanak otsailean bukatuta egongo dira. Zornotzako Udalaren proiektu estrategikoetako bat bezala aurkeztuta, lan hauek eremua bere osotasunean berrituko dute, bai kanpora begira, bai barrura begira.

Helburua oinezkoei leku gehiago ematea, oztopo arkitektonikoak kentzea, berdeguneak sortzea eta hiri-elementuak hobetzea, hornidura-, saneamendu-, elektrizitate- eta argiztapen-sare guztiak berritzea da.

Honako lan hauek egingo dira: landaredi- eta zuhaitz-elementuak sartzea, espaloiak zabaltzea eta zintarriak eta sestrak birmoldatzea, desgaitasuna duten pertsonen beharretara egokitzeko. Gainera, oinezkoentzako pasabideak birkokatuko dira, ibilbide naturalak eta Gabriel Aresti parkearekiko lotura indartuz, eta argi berriak jarriko dira udalerriko bizilagunei argitasun eta segurtasun handiagoa emateko.

Era berean, udalak 30 aparkaleku inguru berri gehituko ditu eta zirkulazioaren noranzkoa aldatuko du San Pedro eta Ixer kaleen arteko zatian eta Ixer kaleko barruko bidean, inguruko ibilgailuen zirkulazioa hobetuz eta gidariei ikuspen handiagoa emanez. Aldi berean, saneamendu-, hornidura- eta elektrizitate-sare guztiak berrituko dira, eta edukiontziak berrantolatuko dira.