IES Urritxe BHIko ikasleek ekin diote Erasmus+ programaren bigarren zatiari, izaera soziala duen enpresa bat sortzeko helburuarekin

2022/01/10
Amorebieta-Etxanoko Udalak ongi etorri ekitaldian hartu du parte, eta esker hitzak izan ditu Urritxe Institutuarentzat, udalerriko ikasleei esperientzia honetan parte hartzeko aukera emateagatik.

IES Urritxe BHIko ikasle zornotzarrek Erasmus+ programaren bigarren zatiari ekin diote gaur, ekintzailetza ardatz izango duen zikloari. Izan ere, programan parte hartu duten ikasleek izaera sozialeko enpresa bat sortzea izango dute helburu. Programak hamar mugikortasun-aukera aurreikusten ditu: ikasle atzerritarrak Amorebieta-Etxanora etorriko dira, eta udalerriko ikasleak Europako hainbat herrialdetara joan ahal izango dira. Programaren bigarren fase honetan, Amorebieta-Etxanon izango dira herrialde hauetako ikasleak: Beysehir Mesleki Ve Teknik Anadolu Lisesi (Turkia), Obchodni Akademie (Txekiar Errepublika), Istituto Tecnico Industriale L. da Vinci (Italia), Agrupamento de Escolas José Sanches e São Vicente da Beira (Portugal) eta Liceul Teoretic de Informatica "Grigore Moisil" (Errumania).

«Zentzu guztietan aberasgarriak izango diren esperientziak biziko dituzue»
Amorebieta-Etxanoko Udalak aurkezpen eta ongietorri ekitaldian hartu du parte, eta esker hiztzak izan ditu ikasleentzat programan parte hartzeagatik eta udalerrira hurbiltzeagatik. Ainhoa Salterainek, Gizarte Ekintza eta Berdintasuneko zinegotziak, Erasmus+ programaren garrantzia gogorarazi die bertaratutakoei: «programa hau erronka bat izango da parte hartu duzuen neska-mutil guztientzat. Oraintxe kontziente izan ez arren, aukera honi esker zentzu guztietan aberasgarriak izango diren esperientzia ahaztezinak biziko dituzue: beste herrialde batean bizitzea, beste herrialde batzuetako ikasleak ezagutzea, zuen hizkuntza ez den hizkuntza batean komunikatzea… Prestakuntza hutsetik haratago, programa hau esperientzia pertsonal bat izango da, onura eta bizipen ugari ekarriko dizkizuena».

Ainhoa Salterainek eskerrak eman dizkie, baita ere, Amorebieta-Etxanoko gazteei aukera hau eskaini dieten guztiei: «eskerrak eman nahi dizkiot IES Urritxe BHIri, eta, bereziki, programa aurrera daramaten hiru irakasleei: Javi Mendiola, Argiñe Gonzaléz eta Janire Villanueva».

Gainera, Amorebieta-Etxanoko Udalak Rosalinda Incardonaren grabatu bat oparitu die bertan bildutakoei. Rosalinda artista italiarra da, Veneziako Arte Ederretako Unibertsitatean pintura ikasi zuen eta grabatu kalkografikoan espezializatu zen; Amorebieta-Etxanon bizi da 2006tik, eta marrazketa eta akuarela tailerrak ematen ditu bere estudioan.

Aurkezpen-ekitaldia amaitu ondoren, ikasleek hainbat mintegitan hartu dute parte, eta, ondoren, Urritxe institutua bisitatu dute. Lehen eguna bazkari baten bueltan amaitu dute.