`Ibiliaz ezagutu´ ekimenaren bigarren irteera apirilaren 9an egingo da

2022/04/05
• Eguraldi txarra medio, joan den asteburuan Bernedo inguruan egitekoa zen irteera bertan behera geratu zen. • Izena emateko epea zabalik egongo da datorren ostegunera arte edo lekuak bete arte.

Udaberria iritsi eta berehala, joan den martxoaren 26an ekin zion `Ibiliaz ezagutu´ ekimenaren edizio berriak, Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatuta. Edizio berri honek lau etapa ditu, eta bigarrena, joan den asteburuan egitekoa zena, bertan behera geratu zen eguraldi txarra medio. Hala ere, Arabako barnealdea, Bernedo ingurua ezagutzeko irteerak badu data berria: datorren larunbata, apirilak 9, goizeko 08:00etan.


Bigarren etapa hau erraza izango da, zailtasunik gabea, ingurua ezagutu nahi duen edonork egiteko modukoa.  Euskaraz egingo den bigarren ibilaldi gidatua, Araban izango da; askok zazpigarren alaba izenarekin ezagutzen duten probintzia hau ez da azkena edertasunari dagokionean. 12 kilometroko ibilbidea izango da, kontrastez betetako ingurune batetik, basoak eta lautadak uztartzen diren paisaietatik barrena.

Izen ematea ostegunera arte
Bigarren etapa honetan izena eman nahi duten herritarrek Zelaieta Zentroan izango dute aukera datorren ostegunera arte, edo tokiak bete arte, 14:30etik 21:00etara. Prezioa, 8 euro.