Datorren astelehenean Herritarren Arreta Zerbitzua jarriko du martxan udalak

2018/08/31
• Zerbitzu berri honen helburua Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrekin duen harremana ahalik eta gehien erraztea da. • Zerbitzuaren ordutegia hau izango da: 07:30-15:30.

Amorebieta-Etxano, 2018ko abuztuaren 31. Datorren astelehenean, irailaren 3an, Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) jarriko du martxan Amorebieta-Etxanoko Udalak. Zerbitzu berri honen helburua Udalak herritarrekin duen harremana ahalik eta gehien erraztea da.

Bulegoa udaletxeko beheko solairuan egongo da eta gune zabal bat edukiko du herritarrei emango zaien arreta hurbilekoa izan dadin. Horretarako, bulego berrietan zornotzarrek itxaron-gela bat izango dute, edozeinek erabili ahal izango duen ordenagailu bat, bilera gela bat, zuzeneko arreta emango duten lau lanpostu eta arreta teknikoa emango duten lanpostu bi.  

Horrela, zornotzarrek bulego honetan egin ahal izango dituzte behar dituzten tramite guztiak: erroldatze-agiriak, zergak helbideratu, obra-baimenak, etab.

Bulego berri honetaz gain, zornotzarrek kutxazain elektroniko bat ere izango dute behar dituzten tramite guztiak egiteko. Zerbitzu berri honek aurrez aurreko arreta eskainiko du 07:30etik 15:30era.

Halaber, Udalak irailean komunikazio bide berriak martxan jarriko ditu herritarrentzat. Horrela, 688866600 WhatsApp zk. erabilgarri egongo da agiriak eskatzeko.

Amorebieta-Etxanoko Udaleko HAZk hurbileko zerbitzu bat izan nahi du. Zerbitzu honekin Udalak herritarrengandik hurbilago egon nahi du eta baita zerbitzu hobe eta zuzenago bat eskaini.