Herritarrek bisita gidatu bidez ikusi ahal izango dute Amorebietako Konbenioaren inguruan antolatutako erakusketa

2022/05/05
Lau bisita gidatu antolatu dira, guztiak Patxi Gonzalezen gidaritzapean. Sarrera doan izango bada ere, izena eman behar da aldez aurretik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak ekitaldiz betetako egitaraua antolatu du Amorebietako Konbenioaren 150. urteurrena ospatzeko. Urteurrenaren egun ofiziala datorren maiatzaren 24a izango bada ere, hilabete osoan zehar hainbat jarduera izango dira, besteak beste, San Migel kalean dagoen erakusketa. Maiatzaren 24ra arte zabalik, bertaratzen diren zornotzarrek hainbat elementu aurkituko dituzte egun hura nola burutu zen ulertzen lagunduko dietenak.  Garrantzitsuenetako bat, zalantzarik gabe, Hitzarmena bera sinatu zen jatorrizko mahaia da, Josean Goiria zornotzarrak Udalari emandakoa. Erakusketan garai hartako Amorebieta-Etxano nolakoa zen erakusten duen maketa bat ere ikusi ahal izango da. Eta baita 8 informazio-panel ere: bertan azaltzen da, urratsez urrats, Gerra Karlistaren igarotzea Hitzarmena sinatu bitartean.

Bista gidatuak
Patxi Gonzalez aktorea programazioaren koordinatzaileetako bat izan da eta erakusketan jasotako xehetasun, pieza eta panel guztiak inork baino hobeto ezagutzen ditu. Beraz, Gonzalez bera izango da bisitetako gidaria. Lau bisita antolatu dira guztira: maiatzaren 9an eta 11n izango dira, 11:00etan eta 12:00etan, hurrenez hurren. Bisita gidatuek ordu erdi inguruko iraupena izango dute eta taldeak gehienez 15 lagunekoak izango dira.

Izen ematea
Bisita gidatuak doakoak izango badira ere, aldez aurretik izena eman beharko da. Izen-ematea Zelaieta Zentroko harreran egin beharko da edo 946 300 650 telefono zenbakira deituta; bisitaren eguna eta ordua zehaztu beharko dira.