Herriko komertzioa gazteengandik hurbilago jarriko dute Ametx Gazteriak eta Dendariak elkarteak

2010/09/07
• Lankidetza hitzarmena izenpetu dute, eta elkarteari atxikita dauden komertzioek deskontuak egingo dizkiete Zelaietan dauden Gazte Informazio Bulegoko eta Gazte Txokoko Gazte Karneta daukaten gazteei. • Gazteen artean herrian kontsumitzeko ohitura sustraitzea da helburua, kontsumitzeko era hori irisgarriagoa, erakargarriagoa eta neurtuagoa eginez, gazteen aukerei egokituta betiere. • Gazte Karneta debalde eskura daiteke Zelaieta Zentroko Gazte Txokoan eta Gazte Informazio Bulegoan. Erabiltzaileen adina 14 eta 29 urte bitartekoa da, eta abantailak eskaintzen ditu udal zerbitzu publikoetan. • Gaur egun udalerriko ia 2.000 gaztek daukate txartela.

Amorebieta-Etxano, 2013ko apirilaren 30a. Amorebieta-Etxanoko Gazteria Sailak, Ametx Gazteriak eta Dendariak elkarteak lankidetza hitzarmena izenpetu dute, eta elkarteari atxikita dauden komertzioek deskontuak egingo dizkiete Zelaietan dauden Gazte Informazio Bulegoko eta Gazte Txokoko Gazte Karneta daukaten gazteei.

Gazteen artean herrian kontsumitzeko ohitura sustraitzea da helburua, kontsumitzeko era hori irisgarriagoa, erakargarriagoa eta neurtuagoa eginez, gazteen aukerei egokituta betiere.

Gazte Karneta txartelaren logodun pegatina izango dute ikusgai txartela erabil daitekeeneko komertzioek. Ametx Gazteriaren eta DENDARIAK elkartearen web orrietan, eta Ametx erakunde autonomoak Android eta iphone telefono mugikorrentzat hedatuta duen Ametx app izeneko aplikazioan ere ikusi ahalko da zeintzuk diren atxikitako komertzioak, eta unean uneko eskaintza zehatzak ere bai.

Gazte Karneta

Gaur egun ia 2.000 gaztek daukate txartela, eta udal zerbitzuetarako erabiltzen dute gehien bat. Gazte Karneta debalde eskura daiteke Zelaieta Zentroko Gazte Txokoan eta Gazte Informazio Bulegoan, argazki bi eta NANaren fotokopia aurkeztuta. Erabiltzaileen adina 14 eta 29 urte bitartekoa da (biak barne), eta abantailak eskaintzen ditu udal zerbitzu publikoetan.

Honakoak dira abantailotako batzuk: deskontua Zornotza Aretoko urteko abonoan, eta Ametx Gazteriaren bidez Zelaieta zentroan antolatzen diren ekitaldietan, sarreren zozketak, etab.

Kirol Herri Erakundean bazkide egitean eta Zubiaur Musika Eskolaren matrikulan ere deskontuak egiten zaizkie txartela dutenei. Orain arte izan da udalerrian deskontuak egin izan dizkien merkataritza-zentrorik, eta hemendik aurrera, horiezaz gain, Dendariak  elkarteko komertzioek ere bat egingo dute ekimen horrekin, orain arteko eskaintzaren halako hamarrera iritsirik horrela.

Adin nagusikoentzat 

Gazte Karneta duten gazteek, 18 urte betetzen dituztenean, Ametx Gazteriaren opari berezia jasoko dute etxean: deskontu bereziak, eta adin nagusiko egiten direneko urte osoan erabilgarri izango dituzten dohaineko zine eta antzerki sarrerak.