Hatxe taldearen emanaldia bihar Zelaieta Zentroan 19: 00etatik aurrera

2021/02/24
Errenteriako artistak kontrastez beteriko bere musika berezia erakutsiko du, Tom Waitsen estilo hautsitik edo Satieren minimalismotik, antzerki eta jazz estiloko doinuetaraino doan soinu bat eskainiz.

Amorebieta-Etxano, 2021eko otsailaren 24an, asteazkena. Hatxe, Idoia Hernandez pianista eta konpositorearen proiektu pertsonala, bihar, ostegunean, 19: 00etatik aurrera Zelaieta Zentroko kontzertu aretoan izango da, 2020an argitaratutako "Panpin hautsien dantza" bere bigarren diskoko abestiak aurkezteko.

Piano, ahots, biolin eta bateria laukotearen egitura baten azpian, Errenteriako artistak kontrastez beteriko musika erakutsiko du, ikuslea etenaldirik gabeko soinu-paisaian bidaiatzera gonbidatzen duen eszenaratze bate aurkeztuz. Iluna, kontrastez betea, Tom Waits estiloko pasarte hautsiekin eta Satie estiloko pasarte gozo eta minimalistagoekin. Antzerkiaren eta jazzaren erritmoan ehunduraz betetako dantzak. Azken batean, mota guztietako etiketa komertzialei ihes egiten dien soinu intimista eta pertsonala.

Ekitaldia 19:00etatik 20:00etara burutuko da eta sarrerak zornotzaaretoa.eus webgunean egongo dira eskuragarri.