Hasiera eman zaie Ogenbarrenako urbanizazio lanei

2014/10/01
• Arrieta Jaio, Unamuno eta Juan XXIII kaleak, eta Gudari eta Aramotz kaleekiko lotuneak egokitzeko lanak izango dira. • Aurrekontua ia 300.000 eurokoa da, eta hainbat jarduketa burutuko dira ingurua berrantolatzeko, oinezkoei lehentasuna emanez.

Amorebieta-Etxano, 2014ko irailaren 30a. Ogenbarrena urbanizatzeko lanei eman zaie hasiera Amorebieta-Etxanon. Arrieta Jaio, Unamuno eta Juan XXIII kaleak, eta Gudari eta Aramotz kaleekiko lotuneak egokituko dira. Aurrekontua 300.000 euro ingurukoa da, eta hainbat jarduketa burutuko dira auzoa berrantolatzeko, oinezkoei lehentasuna emanez.

Inguru horretan gaur egun dauden zenbait desegokitasun zuzentzeko, aparkatzeko guneak lerrokatu eta antolatu egingo dira, eta aparkaleku egokituei dagozkien neurriak emango, lekuen kopuruak nabarmen murriztu gabe. Horrezaz gain, ibilgailuak dabiltzaneko zoladura berriztatu egingo da.

Hori guztia oinezkoei lehentasuna emanez, euren segurtasuna areagotze aldera. Espaloiak handiagotu egingo dira horretarako, eta Arrieta Jaio kalean, esaterako, ezkerraldekoa 1,97 metrotik 2,20 metrora zabalduko da. Juan XXIII kaletik Aramotz kalera doan eskuinaldeko tartea bere horretan utziko da eta Unamuno kaletik Juan XXIIIrainoko tartea, berriz, 2,33  izatetik 3,77 metro izatera pasako da.

Unamuno kaleko ezkerraldeko espaloia bere aldetik, 1,97 metrokoa dena gaur egun, 3,55 metrokoa izango da eta eskuinaldekoa, 1,98 metrokoa dena,  2,22 metrokoa.

Arrieta Jaio kalean eta Unamuno kaleko lehenengo tartean, ur lohien, euri uren eta banantze sistemaren instalazioetan ere lanak gauzatuko dira, kolektore berria ezarririk.

Horiezaz gain, argiteria ere hobetu egingo da, eta fatxadetatik espaloietara eramango.