Hasi dira Kaitana plaza eta Santa Ana, Andrandi eta Jauregizahar batuko dituen igogailuaren obrak

2022/01/13
• Udalak sei hilabete inguruko exekuzio epea aurreikusi du; 780.000 euro bideratu ditu. • Hasi berri den obran aurreikusi dira igogailuaren nukleo bertikala eta bi puntuak batuko dituen pasabidea.

 

Amorebieta-Etxanoko Udalak Kaitana plaza eta Santa Ana, Andrandi eta Jauregizahar auzoak lotuko dituen hiri-igogailu publikoa eraikitzeko lanak hasi ditu. Udalak sei hilabete inguruko egikaritze-epea aurreikusi du eta 780.000 euroko aurrekontua; obra honekin, Amorebieta-Etxano herritar guztientzat irisgarriagoa izateko konpromisoa berretsi du. Igogailuaren eraikuntzak hirigunetik datorren ibilbide irisgarria hobetu eta laburtuko du, udalerriko beheko zonaldea mendi-hegalaren gaikaldean dauden auzoekin lotuz.

Igogailua eta konexio pasarela
Proiektuak, igogailuaren instalazioaz gain, hura behar bezala gauzatzeko urbanizazio-obra osagarriak egitea ere aurreikusten du: pasabidea, esaterako. Igogailuaren nukleo bertikala mendi-hegalean erdi lurperatuta abiatuko da eta pasabide horizontalarekin elkartuko da, bi puntuak lotuz. Horretarako, beheko eremua birdiseinatuko da, igogailua ikusarazteko, eta arrapalaren hasiera hiri-altzari elementu zaindua bihurtzeko. Goiko aldean berriz, pasabideak bat egingo du Santa Ana bidea zeharkatuko duen oinezkoentzako bide berriarekin.