Ganbera musikaren kontzertuen eskaintza biltzen duen Eleizetan ekimenaren XIV. edizioa Amorebieta-Etxanoko elizetan

2010/09/07
- Kontzertuen eszenatokian datza, hain zuzen, ekimen honen orijinaltasuna, udalerriko baselizetan eta landa elizetan izaten baitira emanaldiak. - Maiatzaren 4an, larunbatarekin, emango dio hasiera programari, Boroako San Pedro baselizan, iluntzeko 20:00etan, Jorge Arribasen eta Diego Galazen FETEN FETEN musika proiektu berriak. - Hurrengo larunbatean, maiatzak 11, 20:00etan, GOMBAU hirukoteak (biolina, txeloa eta pianoa) jardungo du Dudeako San Migel baselizan. - Maiatzaren 19an, igandea, eguerdiko 12:15ean, “La caracola de Ulises. Un viaje por la cultura mediterránea” izeneko egitaraua eskainiko dute LUIS DELGADOK, CÉSAR CARAZOK eta JAIME MUÑOZEK Bernagoitiko San Migel elizan. - Maiatzaren 24an, ostirala, iluntzeko 20:00etan hasita, Garaitaondoko San Isidro baseliza izango da KANTHORIA hirukotearen Bereterretchen oinatzak izeneko programaren eszenatokia. - Azken kontzertua BIOS KAMARA ORKESTRAren eskutik etorriko da, hurrengo igandean, maiatzak 26, eguerdiko 12:15ean, Etxanoko Andra Mari elizan, Ana Uriarte zornotzarraren zuzendaritzapean. eta baselizetan

Egitaraua ikusteko hemen

Euskal musikaren panoraman eskaintzen diren ganbera musikaren egitaraurik orijinaletako bat, Amorebieta-Etxanoko baselizetan eta elizetan burutu ohi den Eleizetan programa, XIV. ediziora iritsi da aurtengoan. Kontzertuen eszenatokian datza, hain zuzen, ekimen honen orijinaltasuna, udalerriko baselizetan eta landa elizetan izaten baitira emanaldiak.

Aurtengo ediziorako bost kontzertuk osatuta dator proposamena.

Programazioa

Maiatzaren 4an, larunbatarekin, emango dio hasiera programari Boroako San Pedro baselizan, iluntzeko 20:00etan, Jorge Arribasen eta Diego Galazen FETEN FETEN musika proiektu berriak. Ikuskizun honetan proposatzen dizkiguten melodia gehienak bi musikariek konposatutakoak dira, eta bidaian garamatzate, herri-musikan barrena. Balsak,  fandangoak, boleroak, tarantelak, Europako ekialdeko erritmoak eta Gaztelako musikaren eraginak dira, hain zuzen, kontzertuaren funtsezko osagarrietako batzuk. Biolinaz eta akordeoiaz gain (musika tresna horiek dituzte musikari bi hauek ezaugarri), zerrotearen soinu oroitarazlea, biloin-tronpeten magia, bibrandoneoiaren tinbrea, metalofonoa, mandolina...

Hurrengo larunbatean, maiatzak 11, 20:00etan GOMBAU hirukoteak (biolina, txeloa eta pianoa) jardungo du Dudeako San Migel baselizan. Carlos Benito, Carlos Galán eta Alberto Gorrochategui dira hirukotekideak.

Carlos Benito. Hainbat kontzertutan hartu du parte orkestra zuzendari ospetsuen batutari jarraiki. Bernard Haiting, Sir Roger Norrington, Vladimir Ashkenazy eta Krzysztof Penderecki izan ditu, besteak beste, direktore. Biolin irakasle laguntzaile aritu da AEBko Columbus Universityn (GA), eta hamaikatxo herrialde bisitatu ditu kontzertuak emanez, dela bakarlari lanetan, dela ganbera musikari gisa: Ingalaterra, Frantzia, Suitza, Alemania, Italia, Polonia, AEB eta Espainia.

Carlos Galán. Saritua izan da “Vila de Salou”, "Ciudad de San Sebastián”, “Brest” (Frantzia) eta Santanderreko “Rotary Sardinero” lehiaketetan. Bakarlari jardun du hainbat orkestratan eta eginak ditu Radio Francerako grabazioak ere. Emanaldiak eskaini ditu Espainian, Frantzian eta Norvegian. Piano-jole laguntzaile aritu da Aviléseko Nazioarteko Ikastaroetan eta Madrilgo Dantzako Errege Kontserbatorioko ikastaroetan.

Alberto Gorrochategui. Irakasle apartekoak izan ditu prestakuntzan egindako bidean: Richard Vandra, Frans Helmerson, Asier Polo, Antonio Meneses, Wolfgang Boettcher eta Alban Gerharht,  besteak beste direla. Marcelino Botín fundazioaren bekaduna izan da, eta nazio eta nazioarte mailako lehiaketetan saritu dute, bai txelo arloan, bai ganbera musikarenean ere. Kolaboratzaile aritu da Espainiako Orkestra Nazionalarekin eta RTVEko orkestrarekin. Era berean, grabazioak egin ditu RNE, Sello Autor, Arsis eta Deutsche Grammophon firmekin.

Maiatzaren 19an, igandea, eguerdiko 12:15ean,  “La caracola de Ulises. Un viaje por la cultura mediterránea” izeneko egitaraua eskainiko dute LUIS DELGADOK, CÉSAR CARAZOK eta JAIME MUÑOZEK Bernagoitiko San Migel elizan.

Hainbat taldetan hogeita bost urtetik gora jardun ondoren, Erdi Aroko musikaren alorrean esperientzia handia eta sakona zituztela, QUARTETO DE URUEÑA taldea sortu zuten 1998an César Carazok eta Luis Delgadok.

Iberiar Penintsulako Erdi Aroko musikaren eta musika horretatik abiatuta garatutako errepertorioen inguruko lan sortzaile eta aldi berean zorrotza burutzea dute helburu. Sasoi haietako Magrebaren eta Okzitaniaren kultura eta geografia hurbiltasuna darabilte egiteko honetan.   

Mediterraneoko melodietan dago oinarriturik Ulisesen Karakola. Idatzizko lehendabiziko musika, Seykiloseko Epitafioa, I. mendekoa, abiapuntu hartuta, sefardien tradizioraino iritsiko dira, Mare Nostrumen mendez mende agindu duen kultura komunikazioaren arte-testigantzaraino hain zuzen. Soinu bidaia jatorrizko musika tresnen eskutik.

Maiatzaren 24an, ostirala, iluntzeko 20:00etan hasita, Garaitaondoko San Isidro baseliza izango da KANTHORIA hirukotearen Bereterretchen oinatzak izeneko programaren eszenatokia.

KHANTORIA hiru musikariren kezkaren fruitua da. Europako musika ikastegi ospetsuetan prestatu eta lanbide honetan beren tokia eskuratu ondoren. Erdi Aroko musikatik hasi eta XXI. mendeko elektro-akustikorainoko taldeekin kolaboratu duten artista hauek askatasun-espazioa sortu zuten, beren ikerketa lanak, intuizioak eta esperientziak islatzeko xedez.

Erdi Aroko lehenengo eliz moduan konposaturik dagoen Bereterretchen khantoria Euskal Herrian oraindik abesten diren kantarik zaharrenetakoa da. Baina, baliteke kanta honen lehenengo bertsoaren melodia IV. mendeko Jam Christus astra ascénderat Mendekoste eguneko himnoan oinarriturik egotea, azken hori XV. mendeko Zuberoara eliz kantu ezberdinen bitartez heldu izanik? Hori da, izan, Khantoriak Bereterretchen oinatzak izenpean aurkezten duen kontzertuan ikertuko duen hipotesia.

Azken kontzertua BIOS KAMARA ORKESTRAren eskutik etorriko da, hurrengo igandean, maiatzak 26, eguerdiko 12:15ean, Etxanoko Andra Mari elizan, Ana Uriarte zornotzarraren zuzendaritzapean.

Bios Orkestra duela bederatzi urte sortu zen, batez ere Bizkaikoak diren musikariek osatuta eta Ana Uriarte zornotzarraren zuzendaritzapean. Hainbat antzoki eta kontzertu-areto izan ditu urteotan eskainitako kontzertu sinfonikoen, operen eta zarzuelen eszenatoki: Euskalduna Jauregia, Arriaga Antzokia. Baluarte, Gayarre antzokia (Iruñea), Logroñoko Kongresu Jauregia, Valladolideko Calderón antzokia...

Azken urteko emanaldien artean azpimarratzekoak dira Arriaga Antzokian eskaini zituen operak: Mozarten Der Schauspiegeldirektor  eta Haydnen La Canterina, kritikarien esanetan “orkestra bikaina” izan baitzen. Aipagarriak dira, baita ere, interpretatu berri dituen La corte del faraón zarzuela eta Arriagaren musika duen umeentzako La princesa árabe opera.

Etxanoko kontzerturako errepertorioan barrokoko haritik orkestra klasikorainoko ibilbidea burutuko dute, eta bakarlari lanetan arituko dira Belén Fernandez, Sergio Gomez, Oihana Landa eta Eduardo Olloqui.

Autobus zerbitzua

Autobus zerbitzua izango da, debalde, kontzertuetara joateko. Irteera, Nafarroa Zentroan, kontzertua baino ordu erdi arinago. 


Eleizetan 2013ko egitaraua

Maiatzaren 4a, larunbata - 20:00

Boroako San Pedro baseliza

FETEN FETEN

-------------------------

Maiatzaren 11, larunbata - 20:00 

Dudeako San Migel baseliza

GOMBAU

-------------------------

Maiatzaren 19a, igandea – 12:15 

Bernagoitiko San Migel eliza

LUIS DELGADO-CÉSAR CARAZO-JAIME MUÑOZ

-------------------------

Maiatzaren 24a, ostirala – 20:00 

Garaitaondoko San Isidro baseliza

KANTHORIA

-------------------------

Maiatzaren 26a, igandea – 12:15 

Etxanoko Andra Mari eliza 

BIOS KAMARA ORKESTRA