Gabon argiek argiztatuko dute Amorebieta-Etxano, ostiraletik

2021/12/02
Argiztatzea arratsaldeko 17:45ean izango da Herriko Plazan, Zubiaur musika eskolako haurren abesbatzarekin; aurretik, `Triki-Piu Band´ taldearen emanaldia izango da.

Abendua hastearekin batera Gabonak gerturatzen ari direla antzeman daiteke Amorebieta-Etxanon. Herriko kaleak girotzen hasteko helburuarekin eta zornotzarren ilusioa pizteko nahiarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak abenduaren 3tik urtarrilaren 7ra piztuko ditu aurten Gabon argiak. Joan den urteko Gabon egun zailen ostean, aurten, hein handi batean, normaltasunera itzulera izango da, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Gabon argien helburua da, baita, herriko komertzianteei laguntzea, eurak biziberritzea eta normaltasunera itzultzen laguntzea; hauek ere, hilabete gogorrak bizi izan dituzte-eta Covid 19aren eraginez.

Abenduaren 3an, Gabon argiez gain, izango da herria girotuko duen beste ekitaldirik Herriko Plazan. Piztearen aurretik, 17:00etan hasita, Zubiaur Musika Eskolako `Triki-Piu Band´ taldeko kideek joko dute. Gabon argiak piztea arratsaldeko 17:45ean izango da Herriko Plazan bertan, eta momentu hori Zubiaur Musika Eskolako umeen abesbatzak girotuko du, Gabon abestiekin. Gainera, Euskararen Eguna ere izaki, neska-mutilek bertaratzen diren guztientzat hitz eder hauek prestatu dituzte:

«Gaur abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna da,
Euskararen egunean piztu dadila argia,
Piztu daitezela argiak Gabonetan,
Euskararen argiak piztu ditzagun gaur,
Gabonetan eta urteak dituen 365 egunetan»

Bestalde, Amorebieta-Etxanoko AIDAEk, desgaitasunen bat duten pertsonak integratzen laguntzeko elkarteak, txoko bat izango du Herriko Plazan, desgaitasunaren eguna ikusarazteko eta elkartearen egutegiak eta kamisetak salgai jartzeko.

Argiteria jasangarriagoa eta eraginkorragoa
Argiztatzeari dagokionean, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogoratu du ingurumena zaintzeko duen konpromisoari jarraiki, azken urteetan Gabonetako argiteria askoz jasangarriagoa eta eraginkorragoa dela, elektrizitate kontsumoa gutxitzeko LED bonbilak erabiltzen baitira. Gainera, goizaldeko 02:00etatik aurrera, erloju sistema programatu baten bitartez argiak itzali egiten dira, egunero.