Frantziako LE BUS ROUGE, Amorebieta-Etxanoko banden eta kaleko musikaren Haizetara nazioarteko lehiaketaren VIII. Edizioaren irabazlea

• Publikoaren sari berezia Durangoko Sugarri taldearentzat izan da • Estefan Husson, Franciako Acoustel Gang bandako kidea, izan da tresna-jolerik onena • Jaialdia asteburu honetan ospatu da Amorebieta-Etxanon • Banden musika estiloak era askotakoak dira. Hasi dixieland estiloan eta heavyraino, funka, 70eko musika, latindarra, Balkanetakoa, reggaea, jazza, perkusioa, eta abar alde batera utzi gabe. Denak datoz bat, beti bezala, elementu bati dagokionez: kaleko musika jotzen duten bandak dira.

Amorebieta-Etxano, 2013ko ekainaren 23a. Gaur, banden eta kaleko musika taldeen Amorebieta-Etxanoko Haizetara jaialdiaren zortzigarren edizioaren azken egunean, banatu dira lehiaketako sariak:

-    Lehiaketako lehenengo saria (adituen epaimahaiak erabakia): Frantziako Le Bus Rouge taldea. Saria: 10.000 euro.

-    Publikoaren sari berezia (ikusleek erabakia): Durangoko Sugarri taldea. Saria: 4.000 euro. EKIN S. KOOPERATIBOAK emana.

-    Tresna-jolerik onenarentzako saria (sari nagusia ematen duen epaimahai berberak erabakia): Frantziako Estefan Husson taldeko Acoustel Gang eta Holandako Arebt Tuba taldeko Blass of Glory. Interklabe tokiko enpresak emana.

-    Epaimahaiak erabaki duen sari berezia: Belgikako Les Busiciens taldearentzat. Saria AMETXeko programa baten kontratazioan datza.
 
Jaialdia
Kaleko musikarik onena izan da aurten ere Amorebietan Haizetara jaialdiaren VIII. Edizioarekin. Aurtengo edizioan 13 naziotako 37 musika-taldek aurkeztu zuten beren proposamena. Proposamen horien guztien artean, VIII. edizio honetan lehiatu diren 9 taldeak aukeratu zituzten antolatzaileek. 

Hasi dixieland estiloan eta heavyraino, funka, 70eko musika, latindarra, Balkanetakoa, reggaea, jazza, perkusioa, eta abar alde batera utzi gabe. Denak datoz bat, beti bezala,  elementu bati dagokionez: kaleko musika jotzen duten bandak dira.
Beste urte batez, hasiera emango dio Jaialdiak udalerriko udaldiko kultura eta aisialdi programazioari.  Joan den urtean 3.000 lagunetik gora erakarri zituen Amorebieta-Etxanoko Pintxoen Ibilbidea gauzatzeko, “Zornotzan JAN ALAI” programa, aire zabaleko Enrike Renteria pintura lehiaketa eta herriko jaiak dira uda sasoiko gainerako programa aipagarrienak.

Parte-hartzaileak

Honakoak dira aurtengo edizioan parte hartuko duten bederatzi bandak:

-    SUGARRI (Durango. Euskadi)
SUGARRI.- Durangoko banda beteranoa, 18 musikarik osatua. Sari garrantzitsuak jaso dituzte azken urteotan Frantzian (Rochechouart 2010; Condom-eko banda lehiaketa eurparra 2012…). Nazioarteko pop abestiez baliatuta, errepertorio gaurkotua dute (Abba, Rihanna, AC&DC, Skalariak...). Soinu potentzia handia darabilte, eta erritmo kutsagarriak.

-    THE DIXIE TICKLERS  (Londres. Ingalaterra)
Londresetik datorkigun banda honek New Orleanseko jazz tipikoa den dixiearen erritmoetan dauka bere errepertorioaren oinarria, eta estilo garaikidea eta modernoa dute ezaugarri. Dom James klarinete-jole eta zuzendariaren gidaritzapean, seikotea (Haizetara jaialdirako handiagoturik dator, bederatzi izango  baitira) askotan ibili da jiran, Europan eta Europatik kanpo. 2012an hamabost eguneko jira egin zuten Australian barrena.

-    BLAAS OF GLORY (Overijssel. Holanda)
2007an ekin zioten banda honetakoek euren abenturari. Tuba, saxofoia, txirula, xilofonoa, banjoa, soinua, gitarra akustikoa, danborra eta bonboa, eta ahots harmoniatsua lagun dituztela, heavy metaleko kale banda hau –ezin izaten  da falta Europako hainbat jaialditan: Sonisphere, Wacken eta Budapesteko Sziget jaialdietan esaterako-, bizigarri gertatzen da abesti klasiko arrakastatsuenentzat, hard rockaren historiaurretik hasita. Aipatzekoak dira, besteak beste, The Final Countdown (Europe) eta Running with the Devil (Van Halen) abestien moldaketak, edo Highway to Hell (ACDC) gaiaren interpretazio izpirituala.

-    LES BUSICIENS (Waasmunster. Belgika)
Zazpi musikari belgikarrek osatuta dagoen banda honek (perkusioa, gitarra, akordeoia, kontrabaxua, saxoa, tronpeta eta txirula) musika tourneéa egiten du urtero, herri eguzkitsuen artean aukeratuta (Frantzia, Espainia, Italia... Esan behar da Kongora ere iritsiak direla). Udako lurrinak, Balkanetako erritmoen, erritmo latindarren, reggaeren, skaren.... konbinazioa. Bidaia dute abestien inspirazio iturri, eta hala antzeman dakioke grabatuta dituzten bi CDetan: À la belle étoile” eta Fou à la folie.

-    MO´BETTER BAND (Roseto degli Abruzzi. Italia)
Italiako Teramo probintziatik, Abruzzo eskualdetik, datorkigu hamabost musikarik osatuta dagoen talde handi hau. 2003an sortu zen, eta Spike Lee zuzendari duen Mo better blues filma dute euren izenaren iturburu. Errepertorioa zinez da orijinala, eta 70eko hamarkadako Funky izpiritua dute oinarri. Energia lehergarriaz, soul, jazz eta disko musika ere interpretatzen dute italiarrek.

-    LE BUS ROUGE (Lyon. Frantzia)
Lyongo Le bus rouge fanfarrearen proposamenean folkaren doinu dantzagarriak eta beraiek idatzitako konposizioak daude. Kaleko talde honen orijinaltasuna musika tradizionalen eta gaur egungoen, inprobisazioen eta erritmo eta melodien kiribilen konbinazioan datza. Fanfarreetan ohikoak izaten diren musika tresnekin batera (metaleak, saxoa, klarinete...) Okzitaniako danborra eta Languedoc-eko bonbarda dakartzate.

-    ACOUSTEEL GANG (Bordeaux. Frantzia)
Bordeletik datorren steeldrums (Trinidad eta Tobagon jatorri duten metalezko danborrak) banda honek uholdeen modura blaitzen ditu kaleak salsa, jazz, rock, kalipso… doinuekin. Ia 20 urte dira sortu zela, eta hainbat jaialditan ibili izan dira Europan zehar, hurbilen ditugunetara ere heldurik (Musikale, Kalealdi, Umore azoka…).

-    EL PUNTILLO CANALLA (Segovia. Espainia)
Femuka jaialdiaren antolatzaileak izanik (Kaleko banden Segoviako jaialdia), esperientzia dute kaleko musikaren jaialdietako partaide moduan Frantzian (Montpelierreko fanfarreen jaialdia), Holandan (Maastricheko fanfarreen Europako jaialdia), Italian,  Arabiar Emirerri Batuetan, Bartzelonan (Busker´s festival) edota Madrilgo Fitur Azokaren azken edizioetan.

-    KAR CES BRASS BAND (Cerkno. Eslovenia)
Esloveniako Cerkno hiri txikitik dator 9 musikarik osatutako talde hau. New Orleanseko kaleko jazza eta Balkanetako erritmoak nahasturik sortu dute euren estiloa, eta mundu mailan kaleko bandarik onenak erreferentziatzat hartuta eratu duten errepertorioa interpretatzen dute (Youngblood brass band, Rebirth brass band, Ciorcalia fanfarrea...).

Banda gonbidatuak, berriz, Zubiaur Band eta Zaparrada Batukada izan dira.