Euskolabel zine zikloak eta Moby Dick antzezlanak Zornotza Aretoko denboraldi berriari hasiera ematen diote

2016/01/15
• Euskolabel zikloak Euskadin egindako filmak batuko ditu • Familientzako beste hainbat antzezlan eta musika ikuskizun izango ditu programazioak.

Amorebieta-Etxano, 2016ko urtarrilaren 15a. Zornotza Aretoak denboraldi berria hasi du hainbat proposamen artistikorekin. Edade guztientzako musika eta zine saioz eta antzezlanez blai datorkigun denboraldia dugu oraingoa non EUSKOLABEL zikloa nabarmentzen den Euskal Herriko produkzioak ikusteko aukera emango baitu Kine Zinelubaren barne. Bertan, honako filmak ikusi ahal izango dira arratsaldeko 20.00etan:

- “Jai Alai Blues” (urtarrilaren 12an proiektatua).
Nola izan daiteke zesta punta (Jai Alai) arrakastaz esportatu izana hainbat herrialdetara? Joan den mendearen hasieratik aurrera, Egipton, Txinan, Filipinetan, Kuban, Mexikon edo Estatu Batuetan izugarri ospetsu bilakatu zen kirola sustatzearren, enpresariek jokoaren eta apustuen arrakasta nola aprobetxatu zuteneko historia kontatuko digu Jai Alai Blues dokumentalak. Benetako artistatzat hartzen zituzten pilotariak, eta behin eta berriro agertzen zen frontoietako jarduera hedabideetan.

- “Pikadero” (urtarrilak 19).
Espainia zigortu duen ekonomia krisialdiak eraginda ezin jalgi daiteke habiatik bitartekorik gabeko gazte bikote batek eta arazoak dituzte gurasoen etxean hasi berria duten harremana betetzeko. Maitasun harremanak izateagatiko etsipena hazi ahala, eta hotel batera joateko dirurik gabe, gazteek sexu-topaketetarako erabili ohi dituzten leku
publikoetara, pikadero izenaz ezagutu ohi ditugunetara, jo beharko dute.

- “Walls” (Muros) (urtarrilak 26)
Berlingo harresia erortzean, bereizketa harresiak iraganean artxibatu genituen.
 Errealitateak justu kontrakoa dio, ordea. Sekula baino harresi gehiago daude, egun. Milaka kilometro hesi, burdin-sare, txarrantxa zein harresi daude planetaren luze-zabal anitzean.  Film honek harresi arras ezberdin hauen alde bietan bizi diren pertsonen zinezko istorioak ditu ardatz. Alde bietan esperantza, beldur, pentsamendu, emozio eta bizirauteko gogo bera konpartitzen dela islatzen duten gertuko kontakizun biziak dira.

Honez gain, Risoterapia zikloak, Kine Zineklubaren barne kokatua, honako izenburuak izango ditu:

- “Grandma” (otsailak 2)
Eten berri du Ellek Olive emaztegaiarekiko harremana, eta Sage iloba bat-batean
agertuko zaio, diru-eske, premia handiz. Maitasun-harremana hautsi izanak eragindako minez, egun osoa emango dute Elle amonak eta Sagek antzinako lagunen artean dirua bildu nahian. Horrela, iraganeko hainbat sekretu azaleratuko dira.

- “Pride” (otsailak 9)
984ko uda, Margaret Thatcher zen lehen ministroa, eta Meatzarien Sindikatu Nazionalak (NUM) huelgarako deia egin zuen. Londresen Gaien Harrotasuna ospatuz egiten zen manifestazioa aprobetxaturik, langileen familiei laguntzeko diru-bilketan ibili zen lesbiana eta gai talde bat. Sindikatuak, ordea, ez zuen dirua onartu. Meatzariekin zuzeneko harremanetan jartzea erabaki zuen orduan taldeak, eta Galeseko herrixka batera abiatu. Horixe da helburu berberak bultzatuta bat egin zuten erkidego erabat ezberdin biren historia bitxiaren hasiera.

- “Me and earl and the dying girl” (otsailak 16)
Ahalik eta erarik ezkutuenean igaro du Gregek azken urtea institutuan. Harreman guztiak saihestu ditu, isilpean adiskide bakarrarekin batera filmak egiten dituen bitartean. Leuzemia daukan klasekide baten lagun egitera behartuko du amak orduan, eta egoera erabat aldaraziko du horrek.

Azkenik, Emakumea zikloak film hauek ikusteko aukera emandu du:

- “La adopción” (martxoak 8)
Ekialdeko Europako herrialde batera doa bikote bat, umea adoptatzeko, baina operazioa ez da irtengo aurreikusi bezala. Aurkako giroa aurkituko dute, ustelkeriaz betea, umeen etorkizuna eta gurasogaien itxaropena merkantzia gida darabilena. Horrela, hasieran ametsa zena amets gaizto bihurtuko da azkenean.

- “Paulina” (martxoak 15)
Paulina abokatu gaztea bere hirira itzuliko da gizarte lanetan aritzeko. Giza eskubideen defentsarako programan dabil lanean, hiriaren kanpoaldeko alde txiroetan. Lanean bi aste egindakoan, patota bat irtengo zaio bidera, eta eraso egingo dio. 1961ean Daniel Tinayre zuzendari eta Mirtha Legrand protagonista izan zituen izen bereko lan argentinar klasikoaren remakea da.

- “La Novia” (martxoak 22)
Lorcaren Bodas de sangre lanaren egokitzapena. Hiruki banaezina osatu dute txikitatik Leonardok, senargaiak eta emaztegaiak. Gauzak, hala ere, nahastu egin dira azken aspaldian: senar-emaztegaiak ezkontzera doaz, baina adiskidetasunetik harago doan zerbaitek lotzen ditu Leonardo eta emaztegaia. Gero eta larriagoa da bien arteko tentsioa, ez azaltzerik eta ez hausterik ez daukaten hari ikusezina balitz bezala.

Halaber, otsailaren 26an Zornotza Aretoak Kimuak 2015, Euskadiko film laburrak hartuko du. 7 film labor hauek gaueko 21.00etatik aurrera ikusi ahal izango dira.

Antzerkia
Hamar antzezlan  izango dira zornotzar antzokian:

- “Moby Dick”, Gorakada antzerki taldea. Urtarrilak 16an 18.00etan.
Moby Dick familia osoarentzat eta, bereziki, 6 urtetik gorako haurrentzat. Melvilleren eleberri ezagunean oinarritutako antzezlan dibertigarri eta umoretsua da, erritmoz eta musikaz betea. Jolas egiteko eta imajinazioa martxan jartzeko aukera paregabea. Gazteak itsasoaren, katxaloteen eta pertsonaien gorabeheretan murgiltzeko eta literatura unibertsaleko artelan honen handitasuna ezagutzeko aukera.

- “Solitudes”, Kulunka. Urtarrilaren 30a 20.00etan.
Maskaren keinu-antzezlana. Mundu osoan barrena beraren lehenengo lanak, Andrea y Doriné izenekoak, izan duen arrakastaren ostean, bat-batean alargun geratzen den agure baten historia dakarkigu KULUNKA konpainia gazteak.
Kontakizun xumea izanagatik ere, metaforaz beteta dago, eta giza-harremanen, maitasun-beharraren eta inkomunikazioaren gaineko hausnarketez blai. Beste maskara-antzezlan bat, hitz bat bera ere ahoskatu
gabe, guzti-guztia adierazten duena, irribarrea eta gai larriak maisuki konbinaturik, eta ikusleak hunkitu, harritu eta emozionaturik.

- “Etxekoak”, Huts Teatroa. Otsailak 19an 21.00etan.
Ezin da edonor sartu etxean. Hala dio legeak. Maddik  Mamadou maite du. Halaxe dio bihotzak. Etxekoak antzezlanak Ander Lipusen bizipen pertsonala
du iturburu: "Itsasoaz bestalde maitemindu nintzen. Atzerriko lagunarekin egoteko aukera bakarra ezkontzea izan zen. Hor hasi zen dena: burokrazia, paper administratiboak, joan-etorri zenbatezinak, elkarrizketak kontsulatuan... Urteetako erokeria eta zentzugabekeria hutsa”.

- “Martinak bere historioa aurkitu zuenekoa”, Mauma taldea. Apirilaren 23an  18.00etan.
Martinak bere gela barruan ematen ditu orduak eta orduak irakurtzen, liburu bat orain beste bat gero, gurpil amaigabean betiere. Baina halako batean zerbait arraroa gertatzen zaio, liburuetako letrek hegan egin dute orriak umezurtz utzirik. Eta halaxe, derrepentean, Martina zer irakurri ez duela geratuko da.Bat-batean, egundo kalera ateratzen ez zen Martina, indarrak bildu, motxila bizkarreratu eta istorio galduen bila abiatuko da. Haur sasoiko genero-nortasuna da Martinak bere istorioa aurkitu zuenekoa lanaren ardatza.

- “El florido pénsil (niñas)”, Tanttaka teatroa. Apirilaren 29an 20.00etan.
Gerra osteko Espainian menderatzaile jardun zuen hezkuntza sistema bortitzaren mende dauden bost neskatoren eguneroko historia akarkigu El florido pénsil “NIÑAS” izeneko lanak. Gizartearen eta ideologia menderatzailearen isla da eskola, eta Erdi Aroko patriarkaturik ilunena eguneratzea erabaki zuen ideologia horrek, azken muturreraino eramanda.

- “Amour”,  Marie De Jongh. Maiatzaren 20an 20.00etan.
Maitasunak beti emango digu aukera. Familia guztiari zuzenduta dagoen ikuskizuna da Amour. Hausnar eragingo digu, gaitzusteen eta baldintzarik gabeko maitasunaren arteko lerro meheari buruz. Ezberdinen arteko topaketari egingo dio gorazarre, aurreiritziez askatzeko deia zabalduz. Emozioak, eta erreflexioak, zalantzak eta ziurtasuna partekatzeko esparrutzat hartzen da antzertia. Nagusien antzertia umeentzat eta umeen antzertia nagusientzat.

Zornotza Aretoak amateur antzerkiaren erakustaldi bat ere hartuko du antzezlan hauek ikusi ahal izateko:
- “Transtornos literarios”, 7Grados. Apirilaren 8an 21:00etan.
-  “El pabellón del olvido”, La Sombra Teatro. Apirilaren 15ean 21.00etan.

Gainera, maiatzaren 8an “Zugan ni” antzerki lehiaketaren IX. edizioa izango da arratsaldeko 17.00etan eta ekainaren 10ean gaueko 21.00etan Zornotzako antzerki tailerra egingo da antzerkiaren zaletasuna sustatzeko.

Zirku antzerkia Malas Compañías konpainiaren eskutik dator denboraldi honetan “Letter, eskutitz baten bidaia” lanarekin.
Gutunek gure ahotik irten ezin diren hitzak esateko balio dute, gutunek zai gauden hitzen oihartzuna dakarkigute. Baina bide horretan gauza asko gerta daitezke eta sarritan bide hori, bidaia hori, bihurtzen da benetan axola duena,
benetako protagonista.

Musika
Programazio musikalaren barne, Zelaieta zentroak “Musika Gertu” kontzertu hauek eskainiko ditu:

- “ Fetén Fetén” otsailaren 18an 20.30etan.
Fetén Fetén Jorge Arribas eta Diego Galaz musikariek asmatutako musika proiektua baino askoz gehiago da, arimaren lengoaia da, harmonia bilakatuta. Fetén Fetén lanean aurkituko dugun musika ibilbidea da gure sustraietan eta tradizioetan zehar. Dantza erritmoak erabilita eskutik eramango gaituzte konposizioek fox-trota, valsa, txotisa, seguidillak edota habanerak baliatuta, eta kulunkatu egingo gaituzte Iberiar penintsulan barreneko akordeek. Italiatik
Japoniara eramango gaituzte hegan, edo Argentinatik Portugalera. Julen Baz (Urtza taberna) sukaldari zornotzarraren lankidetza gastronomikoa izango dute
kontzertu honetan.

- “Dom La Nena” martxoaren 17an 20.30etan.
Dom La Nena (Dominique Pinto) gazte bokalista eta txelojole brasildarra (Portalegre) da. Frantzian eta Argentinan bizi izan da, eta maila goreneko artistekin aritu da txelojotzaile:
Jane Birkin, Jeanne Moreau, Camile, Etienne Daho... Horren ondoren, mundu osoan zehar ibili da bakarkako lanak ezagutaraziz. Intismista eta delikatua
da, musika eta estilo propioak dituena, eta beraren ahots bereziak, txeloaren doinuarekin batera, doinuen lurralde berrietara garamatza.

Dantza
Dantza Zornotza Aretora helduko da “El cielo ahora” lanari esker.  Otsailaren 12an 21.00etan.
Hirira doan lagunak estatua klasikoa aurkituko du etxe orratz baten ondoan: historiaren etengabeko metaketak anekdotiko bilakarazi du iraganaren garrantzia eta orainaldiak bereganatu du interes guztia. Mendearen arabera, nork bere historia kontatuko dio bere buruari, non eta zergatik dagoen azaldu eta ulertu ahal izateko xedez. Zerua, ordea, ez da inoiz desagertzen, bertan dirau, eta harriturik egiten dio so gure modeloen eta erreferentzien aniztasunari. Onena aukeratzen ari garelako ustean, historia behin eta berriro errepikatzen ari garela ikusten du.

“Hazipenen Pozak” Heriko plazan ikusi ahal izango da 20.00etan.
Dantzaren Nazioareko Eguna dugu apirilaren 29a. Zio horrekin, HAZIPENEN POZAK ikuskizuna eskainiko digu KUKAI-TANTTAKA, joan den urteko jaietan eguraldia kaxkarra izan zelako ezin ekarri izan zutena. Berriro ere berdin gertatzera, Zornotza Aretoan izango da emanaldia, eta sarrera libre aforoa bete arte. Bi konpainiak azken 10 urteotan batera egin izan duten lanaren laburpena da HAZIPENEN POZAK, eta koreografiarik gogoratuenak dakarzkigu, eguneraturik, entsegu gela batean arituko balira bezala.

Zirku dantza Amoebieta-Etxanora helduko da “Spazi…o” lanaren bitartez, Dikothomia konpainiak ekarrita. Bizkaian sortu berria den konpainia honek harritu egingo ditu ikasleak hainbat diziplina biltzen dituen ikuskizunari esker: dantza garaikidea, dantza bertikala eta akroibazia.
Zirkua darabilte hizkuntza gisa, gizon eta emakumeen arteko unibertso emozionala erakusteko. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko herri antzokien Sareak 2016an bultzatuko dutenb dantza zirkuituaren lanetako bat da (Spazi...o)

Azkenik, Miren AmurizaK  “Kapulana bat zintzilik” lana aurkeztuko du Zelaietan urtarrilaen 22an. Ilustrazioz, bertsoz eta ipuinez osatutako lana da hau eta 20.00etan ikusi ahal izango dena.