Eusko Jaurlaritzak, gaurtik aurrera, murrizketak eta debekuak aktibatuko ditu, batez ere landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo urbanizaezinean

2022/07/15
Bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta Euskadi osora heda daitekeela eta areagotu egin daitekeela ikusita hartu da erabakia Gaur emandako ebazpenaren arabera, murrizketak edo debekuak urratzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta, besteak beste, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunekin zigor daiteke Gaurtik hasita eta egunero, Eusko Jaurlaritzak murrizketen eta debekuen egoera eta ordutegia eguneratuko ditu Euskadiko lau eremuetako bakoitzerako

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordea eta Ricardo Ituarte Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria komunikabideen aurrera agertu dira gaurtik aurrera Jaurlaritzak Baso Suteetarako Larrialdi Plan Bereziaren “larrialdi-fasea” Euskadi osora hedatuko duela jakitera emateko.  Erabakiarekin batera eman den Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenean murrizketa eta debeku batzuk ezartzen dira arrisku larria eragin dezaketen jarduketa eta erabilpen jakin batzuetarako, batez ere landa-ingurunean, landa-lurzoruan edo lurzoru urbanizaezinean.  

Bero-bolada denboran luzatzen ari dela eta Euskadi osora heda daitekeela eta areagotu egin daitekeela ikusita hartu du erabakia Eusko Jaurlaritzak. Horregatik, erabaki du:

  • Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alerta laranja egoeran debekatuta egongo dira honako jarduerak, egunero ezarriko diren ordu-tarteetan:
    • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
    • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
    • Errekuntzako motordun ibilgailuak erabiltzea baso-pistetan, lursailetako bideetan eta asfaltatutako errepideetatik kanpora geratzen diren gainerako igarobideetan, lanpostura edo ohiko bizilekura joateko ez bada eta ezinbesteko kasuetan izan ezik. Debekatuta dago halako ibilgailuekin landaredi-eremuak zeharkatzea edo horietan gelditzea edo aparkatzea.
  • Basoko suteen arriskuagatik aktibatutako alarma gorriko egoeran: aurreko murrizketa guztiak eguneko 24 orduetan egongo dira indarrean.

Eguneroko ebazpenak
Gaur ostirala, uztailak 15, “alerta laranja” egoeran daude 3. eremuan (trantsizioko eremua) eta 4. eremuan (Ebroren ardatza) eta murrizketak 13:00etatik 21:00etara egongo dira indarrean. Gaurtik hasita eta egunero, Ricardo ItuarteLarrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak ebazpen publiko bat emango du Euskadiko lau eremuetakobakoitzeko egoera eta murrizketen ordutegia eguneratzeko. Ebazpena hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Arau-hausteak
Gaur hartutako erabakiaren arabera, gaurtik aurrera ezarriko diren murrizketak eta debekuak ez betetzea arau-hauste “larritzat” edo “oso larritzat” jo daiteke, eta ezarri ahal izango diren zigorren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude, Larrialdiak Kudeatzeko Legearen (apirilaren 27ko 1/2017 LD) 69., 70. eta 73. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.