Amorebieta-Etxanoko euskaltegien 2017-2018 ikasturteko matrikula-aldiaren hasiera

2017/09/01
Amorebieta-Etxanoko Udaleko kultura zinegotzia den Luciano Martínezek; Idoia Zuloagak, Zornotza udal euskaltegiaren zuzendariak; Marivi Zubiagak, Zornotzako barnetegiaren zuzendariak eta AEK-ko udalerriko arduraduna den Julio Aranguenak, zornotzar guztiak deitu nahi dituzte aurtengo ikastaroetan matrikulatzera eta euskaraz eta euskal kulturaz gozatzera.

Amorebieta-Etxano, 2017eko irailaren 1a. Amorebieta-Etxanoko Udalak, Zornotza Udal Euskaltegiak, AEK-k eta Zornotzako Barnetegiak hasiera eman diote 2017-2018 ikasturteko matrikula-aldiari.

Zornotzako Barnetegiaren hileroko ikastaroen eskaintzaz gain, udalerriko Zornotza Udal Euskaltegiak, eta Zornotzako AEK-k jardun ezberdineko ikastaroetan matrikulatzeko aukera ematen diete zornotzarrei baita maiztasunaren aldetik ere: egunero astelehenetik eguenera, astean bi egunetan… Udako trinkoak edo iraileko eskaintza ahaztu gabe.

Helburu nagusia euskara ikastea izanik, eskaintza ikasleei bideratua izango da. Horretarako, besteak beste, xede berezietarako taldeen aukera izango da (guraso taldeak, nagusientzako taldeak…) baita maila lortzea helburu duten taldeena ere.

Luciano Martinezek, kultura zinegotziak gogorarazi nahi izan du, ohi bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak Ametx erakunde autonomoaren bidez udalerrian erroldatuta dauden euskara ikasleentzako diru-laguntzak ematen dituela. Eskariak urrian, ikasturtea amaitutakoan, Zornotza Udal Euskaltegiko sarrera-erregistroan aurkeztu ahal izango dira.

Horrez gain, Euskara Zerbitzuak antolatua eta euskaraz berba egitea helburu duen Berbaldiak programan izen-ematea ere urrian izango dela jakinarazi du.