Eubako frontoia egokitzeko eta hobetzeko lanak bihar hasiko dira

2021/01/25
Hobekuntza-lanek 13.158,75 Є-ko aurrekontua izango dute (BEZa barne) eta otsailaren erdialdera amaituta egotea aurreikusten da. Egokitze eta hobekuntza lanak, frontoiko zoladura ordezkatzean oinarrituko dira batez ere. Lanak egin bitartean, frontoia itxita egongo da.

Amorebieta-Etxano, 2021eko urtarrilaren 25an, astelehena. Amorebieta-Etxanoko Udalak Eubako frontoiko kontrakantxako zoladura egokitzeko eta konpontzeko lanak hasiko ditu bihar, urtarrilak 26an. Hobekuntza-lanek 13.158,75 Є-ko aurrekontua izango dute (BEZa barne) eta otsailaren erdialdera amaituta egotea aurreikusten da. Lanak egin bitartean, frontoia itxita egongo da.

Kirol-instalazioa Euba auzoko punturik bereizgarrienetako bat da eta frontoiaren beraren egituraren, agente atmosferikoekiko esposizioaren eta etengabeko erabileraren ondorioz, instalazioek narriadura nabarmena agertzen zuten zoladuran eta ondorioz, konponketa eta birgaitzea beharrezkoa da.

Egokitze eta hobekuntza lanak, frontoiko zoladura ordezkatzean oinarrituko dira batez ere. Lehenik eta behin, azalera prestatuko da, dagoen zoladura altxatuz eta ondoren, fresatuz, erabat ezabatu arte. Hondatutako zoladura garbitu ondoren, inprimazio bat aplikatuko da, ur-lurruna zabaltzeko ahalmen handiko zoladura baldintza egokietan egin ahal izateko.