Bi antzezlanen estreinaldiak Zornotza Aretoko programazio berrian

2008/09/26
Larunbatean emango zaio hasiera denboraldiari Nancho Novoren “Sobre flores y cerdos” lanarekin • Urriaren 31n, ‘Ilunpetan’ lanaren euskarazko bertsioaren estreinaldia Kanpingags konpainiaren eskutik • Anitamaravillas taldeak, berriz, sorginez, alkimistez eta aztiez betetako “Sarean sun sun” txotxongilo-ikuskizuna estreinatuko du azaroaren 22an • Antzezlanetarako abonu-sistema jarri dute abian Zornotza Aretoan

Amorebieta-Etxano, 2008ko irailaren 25a. Urteko azken hiruhilabeterako kultura-eskaintza oparoa programatu dute Zornotza Aretoan eta, hasiera emateko, Nancho Novoren “Sobre flores y cerdos” lana eskainiko dute larunbat honetarako.
Programatuta dauden ikuskizunen artean bi estreinaldi nabarmentzen dira. Lehenik eta behin, “Ilunpetan” lanaren euskarazko bertsioarena. Britainiarren artean arrakasta izugarria izan duen Peter Shaffer-en komedia da. Baliabide urriko Brindsley Miller artista gaztea eta Carol beraren emaztegaia protagonista dituen istorio honetan, arte bildumazale ospetsu baten bisita izango du bikoteak eta, hura inpresionatzeko, auzokidearen altzariak hartuko dituzte ‘mailegutan’.
Azpimarratzekoa den beste estreinaldia “Sarean sun sun” lanarena dugu, azaroaren 22an. Miren Larrea zornotzarra kide duen Anitamaravillas konpainiaren txotxongilo-ikuskizuna da, eta sorginez, aztiz, alkimistez eta abarrez beteta dagoen Nabarkorena etxean kokatzen dira gertaerak. Ikuskizun harrigarria, gurasoak eta umeak joateko ezin egokiagoa.
Estreinaldiez gain, ‘La verdadera historia de los hermanos Marx’ lana ere ikusgai izango da Zornotza Aretoan. Umore garratza eta ustekabez betea aurkezten du Meridional konpainiak komedia honetan. Azaroaren 14an, berriz, Chapitó konpainia portugaldarra izango dugu berriro ere Zornotza Aretoan, Drakulak dentistarengana egindako bisita kontatzen duen “Drákula” antzezlana aurkezten. Aipatzekoa da, baita ere, Biarritz Junior baletetik sortutako Dantzaz konpainiaren eskutik datorkigun ikuskizuna.
Lan horiek ez ezik, Uroz Teatroren ‘Adosados’ eta Irune Manzanoren ‘Inocentes’ lanak ere ikusgai izango dira Zornotza Aretoan. Denboraldiari amaiera emateko, azkenik, Kunkakoen ‘Sexo gratis’, sexu-munduaren gaineko komedia edo, egileen deskribapena erabilita, ‘Oso antzezlan katxondoa’.
Txikienek ere izango dute antzertiaz gozatzeko parada Mutante Teatroren ‘Munstroak akatu’ lanarekin eta Laenananaranja konpainiak 7 urtetik gorakoentzat eskainiko duen ‘Inmundo hesi-puskatzailea’ txotxongilo-komediarekin.
Musikari dagokionez, datorren ostegunean, urriak 2, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak  jardungo du Zornotza Aretoan, Arriaga, Haydn eta Beethovenen partiturak joaz.
Abonu berriak
Udazken honetan bada, ordea, beste nobedaderik ere: programatu diren ikuskizunetako batzuetarako abonua eskainiko du Zornotza Aretoak. Antzertia maite dutenek, 40 euro ordainduta (30 euro bazkide izanez gero), honako ikuskizun hauek guztiak ikusi ahalko dituzte: “Sobre flores y cerdos”, “la verdadera historia de los hermanos Marx”, “Ilunpetan”, “Adosados”, “Drákula” eta “Sexo gratis”.